Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien lehiaketaren hirugarren edizioa, XV. Frisoi Txapelketa, eta ikastaro herrikoiak izango dira, besteak beste.
Salgai daude dagoeneko ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ dastaketa gidaturako tiketak eta irekita dago haurrentzako jarduerarako izenematea, esneki.eus webgunean.
‘ESNEKI’ Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka berezia azaroaren 8an eta 9an ospatuko da Tolosan Tolosako Udalak, Eusko Jauralaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta HAZIk sustatuta, eta Basque Culinary Center, Mantala Basque Gastronomy, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE eta Tolomendiren laguntzarekin.
Bi txapelketa dira Esneki azokaren egitarauaren muina, azaroaren 9an goizez ebatziko direnak: III. ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Txapelketa Beotibar pilotalekuan eta XV. Frisoi Txapelketa ferialekuan.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien txapelketa da lehena, zeinetara 100 erreferentzia baino gehiago aurkeztu diren. 9 kategoriatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak, eta behi esne pasteurizatua. Hauetako kategoria bakoitzean bi azpi-kategoria bereiziko dira: gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin eraldatutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena, bestetik. Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen dutenek jasoko dute saria, eta behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango duen ebatziko da. Gazta hori izango da txapeldunen artean txapeldun.
Epaimahaia elikagaien sektoreko 24 pertsonek osatuko dute, eta esnekien itxura, ehundura, zaporea eta usaina baloratuko dituzte. Goizeko 10:00etan hasiko dira dastaketarekin, eta 13:00etan izango da sari-banaketa. Bitarte horretan Beotibar pilotalekua publikoari irekita egongo da, eta epaimahaiak produktuak dastatu eta baloratu ahala, bertaratutako publikoaren artean banatuko dira probatzeko.
Aldi berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa ospatuko da Tolosako Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako abeltzainek hartuko dute parte, esnetarako behien sektorea publikoari hurbildu nahian. Goizean goiz behiak ileapaindegian nola prestatzen dituzten ikusteko aukera egongo da, eta txapelketa segidan hasiko da. Sari banaketa 14:00etan egingo da.
Herritarrei esnekiak hurbiltzeko esperientzia gastronomiko nahiz hezigarriak
Lehiaketek dirauten bitartean eta goiz guztian zehar, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia egingo da Trianguloan. 25 postu jarriko dira, non barietate guztietako gazta eta esnekiak erosteko aukera izango den.
Gainera, aurreko urteetan arrakasta handia izan zuen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ errepikatuko da: azokako gazta aukera zabal hori ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da Beotibar Pilotalekuan bertan. Ordu erdiko lau txanda eskainiko dira (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez ere 20 pertsonako taldetan banatuta. Leartikerreko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak esneki.eus-en eskuratu daitezke, 8 euroren truke.
Haurrak dituzten familiei bideratuta, bi tailer antolatu dira. Horietako bat azaroaren 8an (ostirala) 18:00etan egingo da Ferialekuan: ‘Errapetik ahorainoko bidea’. Behiak jeztetik esnea eraldatu eta elikagaiak sortu arteko prozesuaren inguruan arituko dira. Behiak jezteko simulagailua jarriko da, eta natillak kozinatzen ikasiko dute ondoren. 5-10 urteko haurrentzat da gomendagarria, eta esneki.eus webgunearen bitartez izenematea beharrezkoa da (40 plaza daude).
Bigarrena berriz larunbat goizean 11:00etatik aurrera egingo da, San Frantzisko pasealekuko Artxibo Historiakoaren parean, Frisoi Elkarteak eta Basque Culinary Center-ek antolatuta: ‘Esnetan’ jarduerak. Txekorren zainketa-gunea kokatuko da bertan, eta behia jezteko simulagailua jarriko da berriro erabilgarri. Esnekiak eraldatzen ikasi eta jogurtak egiten ikasteko hainbat txanda antolatu dira (11:00, 11:30, 12:00 eta 12:30), baina tailer honek ez du aurretiazko izenematerik behar.
Esnekien testuinguruak lagunduta, ‘Euskal Herriko Emakume Gaztagileak’ liburuaren aurkezpenak osatuko du egitaraua. Liburu honek euskal gaztagintzaren kulturan emakumeek utzitako ondarea berreskuratu eta omentzen ditu, 12 elkarrizketen bitartez. Fernando Hualde idazlea eta Joseba Urretavizcaya argazkilaria dira liburuaren egileak. Azaroaren 8an 17:00etan egingo da saio irekia, Beotibarren.
Eragileen arteko elkarlana, lehen sektorea bultzatzeko
Esnekiren hirugarren edizioaren aurkezpenean parte hartu dute Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendari nagusiak; Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak; Imanol Zubelzu Basque Culinary Center-eko proiektu gastronomikoetako arduradunak; Jon Anakabe, Leartiker Zentro Teknologikoko zuzendari nagusiak; Eneko Dorronsoro eta Larraitz Sasieta Gipuzkoako eta Euskal Herriko Frisoi Elkarteetako ordezkariek; Iker Karrera Tolomendiko kudeatzaileak; baita eskualdeko zenbait esnekigilek ere.
Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendari nagusiak hitzordu honen garrantzia azpimarratu du euskal esne sektorearen ikusgarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko: «ESNEKI Euskadiko gazta eta esneki mota guztiak ezagutarazteko eta sustatzeko garrantzi handia hartzen den lekua da, euskal kontsumitzaileei eta bisitariei begira. Horrelako ekintzak oso garrantzitsuak dira ekoizleentzat eta nekazaritzako elikagaien industriarentzat, haien lehiakortasuna bultzatzeko tresna gisa».
Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko zinegotziak ere eskaintzaren aniztasuna azpimarratu du: «Euskal Herriko esnekien sektorea anitza da, eta ESNEKI bezalako plazak aukera bat dira eskaintza zabal hori ezagutzera emateko eta kontsumo ohituretan eragiteko. Lehen sektorea sustatu ez ezik, ekoizleak sartzeko ere aukera ematen du, gainera. Horregatik, balio nagusi bat erakusten du ESNEKIk: zailtasunak zailtasun, sektore bizia dela».
Azkenik, horrelako ekimenak aurrera ateratzeko elkarlana funtsezkoa dela azalarazi nahi izan dute Tolosako Udaletik, egitaraua osatzeko lana egin duten Basque Culinary Center, Mahala Basque Gastronomy, EFRIFE, GIFE, eta Tolomendi-ri eskerrak emanez.
Autoen aparkalekua errazteko neurria
Azoka berezietan ohikoa denez, bisitari asko hurbiltzen dira Tolosara. Herriaren erdiguneko aparkaleku aukerak, ordea, mugatuak dira eta erraz betetzen dira halako egunetan. Hori dela eta, bisitan datozenei Usabal industrigunean aparkatzeko dei egin die udalak. Handik erdigunerako joan-etorria erraztu nahian, gainera, doako autobus zerbitzu zuzena jarriko da.
Goiz osoan zehar ibiliko da autobus berezia bueltaka: 09:00etatik 14:00etara. Zerbitzu zuzen eta azkarra emateko, lau geldialdi egingo ditu. Usabal kiroldegiko, industrigunean dagoen Oria beilatokiko eta Iruñea etorbideko -Amarotz- autobus geltokietan egingo ditu lehen geldialdiak, eta zuzenean erdigunera joango da. Geltoki bakarra izango du erdigunean, bidaiariak utzi eta hartzeko: Jon Andoni Irazusta (‘biala’) pasealekuaren hasierako geltokian. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea jarraituko du.