Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2025eko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua, 15.728 M€-koa. Aurrekontu orokorra 703 M€-tan handitu da, hau da, iaz baino % 4,7 handiagoa da. Legealdi honen lehen aurrekontua da, eta legealdiari heltzeko azaldutako espiritu ausarta laburbildu eta islatzen du. Eusko Jaurlaritzak egungo eta etorkizuneko Euskadi hiru zutaberen gainean eraikitzeko aukera aprobetxatuko du:
Proiektu honen giltzarrietako bat da Eusko Jaurlaritzak, lehen aldiz, bere baliabideetako 1.500 M€ baino gehiago jarriko dituela inbertsio publikorako. Zehazki, 1.531,08 M€, hau da, aurreko urteko aurrekontua baino % 8,8 gehiago (124 M€ gehigarri). Horri gehitu behar zaizkio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen (SEM) bidez egindako inbertsioak eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidean (HTS) eta Euskal Y-an egindako inbertsioak. Horiekin zenbatekoa 1.837 M€-ra iristen da. Eusko Jaurlaritzak bi arlotan jartzen du arreta: batetik, I+G+Ban, 680 M€-rekin, hau da, 2024an baino 39 M€ gehiago —hartara, urtez urte % 6 handitzeko konpromisoa betetzen da—; eta, bestetik, ongizatean eta bizi-kalitatean, aurrekontuaren % 76,6 politika horietara bideratzen baita, 11.434,2 M€-rekin (500 M€ inguru handitu da).
“Proiektu hau 2025ean % 2,1eko hazkunde ekonomikoa izango den testuinguruan kokatzen da. Urte horretan gutxi gorabehera 16.000 enplegu sortzea, langabezia-tasa % 6,8koa izatea eta barne-produktu gordin nominala % 4,3 haztea aurreikusten da” azaldu du d’Anjou sailburuak.
Urriaren 31n erregistratuko da aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuek azaroaren 4tik 7ra bitartean egingo dituzte agerraldiak Legebiltzarrean. Sailburuen agerraldien ondoren, bilera sorta irekiko da talde politikoekin, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdietatik haratago aurrekontuak zer babes izan dezakeen aztertzeko, aurrekontua abenduaren 20an behin betiko onartze aldera.
“Espero dut guztiok gai izatea negoziazio honi ikuspegi zabaletik heltzeko, taktizismo politikoetatik ihesi eta garrantzitsuena den horretan oinarrituz: herri honen ongizatea eta garapen ekonomikoa sustatzen jarraitzea, tokikotik lehiatu behar baita mundu global batean” aditzera eman du sailburuak.
2025 | 2024 | ALDEA | % |
2024 | 2025 | Aldea | % | |
Foru Aldundien ekarpena | 12.686,7 | 13.200,0 | 513,3 | % 4,0 |
Bestelako sarrerak (BGD, euskal Y, Hego saihesbidea, kargak…) | 893,3 | 877,3 | -16,0 | % -1,8 |
Soberakina | 608,3 | 365,9 | -242,4 | % 39,8% |
Zorpetze gordina | 837,1 | 1.285,0 | 447,9 | % 53,5 |
Sarrerak Guztira | 15.025,4 | 15.728,2 | 702,8 | 4,7% |
Foru Aldundien ekarpenen zenbatekoak 2025ean jasotako transferentzia berrien balorazioa barne hartzen du (immigrazioa, unibertsitate-tituluen homologazioa eta “aldirikoak”), eta 13.200 M€-koa da. Gainera, karga energetikoen (67 M€) eta kreditu-erakundeen (52 M€) diru-sarrerak mantentzen dira. Euskal Y-ari eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbideari dagozkien zenbatekoei eta Suspertze eta Eraldatze Mekanismoaren zenbatekoei dagokienez, bi kontzeptuetan zenbatekoek behera egin dute 2024koen aldean. Zehazki, 2025ean ez da aurreikusten Suspertze eta Eraldatze Mekanismoen funtsen sarrera berririk, jarduketa guztiak aurreko urteetako diru-sarreren kontura egingo baitira (soberakinak). Aurreikusitako zorpetzea 1.284,9 M€-koa da, eta zorraren amortizazioa 795 M€-koa.
Aurrekontu-egonkortasunaren bideari dagokionez, eta Estatuan aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburuak finkatzeko beharrezkoak diren prozedura instituzionalak eta parlamentarioak oraindik osatu ez direnez gero, ezin izan da oraindik Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa bildu, euskal erakundeen defizit- eta zorpetze-helburuak aldebiko moduan finkatze aldera. Aurrekontu hori egiteko, eta zuhurtasun-printzipioa aplikatuta, 2024ko helburuetatik abiatu da, non Euskadiko barne-produktu gordinaren % 0,3ko defizita aurreikusten baita. Eusko Jaurlaritzak Ogasun Ministerioarekin lanean jarraitzen du zehaztutako helburuak adostu daitezen.
Aipatutako gaiek zenbait Sailetan dute eragina, eta, gai horietan definitutako ildo nagusiez gain, eta 2024ko datuekin alderatze aldera, Eusko Jaurlaritzaren legealdi berrirako egiturarekiko homogeneizatuta aurkezten dira.
SAILAK | 2025 | 2024 | Aldea | Aldakuntza % |
Lehendakaritza | 95,5 | 92,2 | 3,4 | % 3,7 |
Kultura eta Hizkuntza Politika | 392,1 | 369,4 | 22,7 | % 6,1 |
Ekonomia, Lana eta Enplegua | 1.224,9 | 1.194,6 | 30,3 | % 2,5 |
Ogasuna eta Finantzak | 122,5 | 122,0 | 0,6 | % 0,5 |
Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua | 176,6 | 166,6 | 13,1 | % 7,9 |
Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna | 631,2 | 599,9 | 31,4 | % 5,2 |
Segurtasuna | 796,3 | 790,2 | 6,2 | % 0,8 |
Hezkuntza | 3.247,5 | 3.125,9 | 121,6 | % 3,9 |
Etxebizitza eta Hiri Agenda | 445,9 | 424,4 | 21,6 | % 5,1 |
Osasuna | 5.115,9 | 4.900,2 | 215,6 | % 4,4 |
Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa | 357,9 | 344,2 | 13,8 | % 4,0 |
Mugikortasun Jasangarria | 567,2 | 557,0 | 10,3 | % 1,8 |
Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza | 612,7 | 563,0 | 49,7 | % 8,8 |
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa | 57,8 | 53,4 | 4,4 | % 8,3 |
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza | 273,9 | 273,8 | 0,1 | % 0,0 |
Justizia eta Giza Eskubideak | 359,6 | 340,4 | 19,2 | % 5,7 |
Osasuna: 5.115,9 M€
Aurrekontu-igoerarik handiena Sail honetan izan da, 2025ean 215 M€ gehigarri baino gehiago izango baititu. Igoera horren % 80 (171,8M€) Osakidetzari dagokio. Datorren urtean 4.063M€ (+% 4,0) izango ditu, eta horietatik 161,7 M€ (+21,7 M€) osasun-sistema modernizatzeko inbertsio berriak finantzatzeko jarriko dira. Sailaren esparruan, farmazia-prestazioetara bideratutako zenbatekoa nabarmentzen da, 590 M€ inguruko zenbatekoarekin. Txertoen gastua 28 M€-tik gorakoa izango da.
Hezkuntza: 3.247,5 M€
Aurrekontuaren hazkunde orokorra 117,3 M€-koa da. Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen ekitate eta kohesio sozialaren eta aukera-berdintasunaren aldeko apustu garbia egin da. Unibertsitateaz kanpoko beken politikak eta jantokiko eta garraioko zerbitzu osagarriek 137 M€ izango dituzte, % 6,5eko igoerarekin. HEZKUNTZA ERAIKI 2030 Planaren bidez, ikaskuntzarako espazio malgu berrietara bideratuko den 168 M€-ko inbertsio produktiboa finkatu da. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako ikastetxeetako langileekiko ordainsari-politikaren konpromisoak ere jasotzen ditu aurrekontuak, bai sare publikoko langileei dagozkienak, bai itunpeko sareko irakasleei dagozkienak. Langileen kapituluak, Sailaren partidarik garrantzitsuenak, 47,7 M€-ko igoera izan du, eta 1.793,2 M€-koa da. Gainera, HAURRESKOLAK Partzuergoak 77,2 M€ izango ditu (+11,2 M€), plazen eskaintza publikoa eta doakotasuna indartuz.
Ekonomia, Lana eta Enplegua: 1.224,9 M€
Lanbideren aurrekontua 1.135,5 M€-koa da, barnean direla diru-sarrerak bermatzeko errentarako (399,2 M€) eta bizitzeko gutxieneko errentarako (200,4 M€) 600 M€ inguru, hau da, 2024an baino % 6,7 gehiago.
Segurtasuna: 796,3 M€
Sail honetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzako 3 milioiko igoera nabarmentzen da. Hazkunde horren bidez erantzun nahi zaie, besteak beste, jarduera handitzearen ondoriozko premiei, bereziki aginte-ikastaroetan eta Ertzaintzaren funtzioa hobetzeko behar diren espezialitateen garapenean.
Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna: 631,2 M€
Nabarmentzekoa da URAri inbertsioetarako egindako ekarpena, 38 M€ (+ % 13,7); IHOBEk 11,3 M€ jasoko ditu, eta SPRIk kudeatutako nazioartekotze-programak 34,5 M€, 2024an baino % 9 gehiago.
Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza: 612,7 M€
UPV/EHUri 401,1 M€-ko ekarpena egingo zaio (guztizkoaren bi heren eta 2024an baino % 4,1 gehiago). Beken partidak 31,45 M€-koak dira. 98,34 M€ jarriko dira politika zientifikorako. Berrikuntzarako eskumena geure gain hartzeak 38,20 M€-raino igotzen ditu arlo horretan kudeatutako funtsak, 2024an baino bi aldiz gehiago.
Mugikortasun jasangarria: 567,2 M€
Sailak bere politika arruntak egiteko duen aurrekontua 28,3 M€ handituko da (% 8,7). Trenbide Sare Berria eta Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea kudeatzeko aginduekin lotutako ezohiko partidak eta aldiriko trenbideen arloko transferentzia berria kontuan hartuta, Sailaren igoera nominala 10,3 M€-koa da.
Etxebizitza eta Hiri Agenda: 445,9 M€
Sail honek 21,5 M€ gehiago izango ditu. Jaurlaritzaren konpromisoetako bat betetze aldera, etxebizitza-programak % 35,9 egin du gora, eta 2024ko 210,8 M€-tik 2025eko 286,4 M€-ra pasa da. Programa horretan partida hauek, besteak beste, sartzen dira (M€):
2025 | 2024 | ALDEA | |
Etxebizitzaren prestazio ekonomikoa | 30,0 | 5,2 | 24,8 |
Bizigune | 41,0 | 35,8 | 5,2 |
Gaztelagun | 25,0 | 17,6 | 7,4 |
Birgaitzeko dirulaguntzak | 41,2 | 24,1 | 17,1 |
Kultura eta Hizkuntza Politika: 392 M€
Zenbateko hori 2024koa baino % 6,1 handiagoa da. Igoerak euskararen ezagutza areagotzeko eta ingurune guztietan euskararen erabilera sustatzeko helburuari erantzuten dio, baita artistei eta sortzaileei laguntzeko helburuari ere, talentua gara dadin eta nazioartean presentzia areagotzeko tresnak izan ditzaten. Horrela, Hizkuntza Politikako eta Kultura Sustatzeko programak % 12 eta % 7 igoko dira, hurrenez hurren. Hemen sartzen dira, besteak beste, HABEri egindako 59 M€-ko ekarpena (+7,6 M€) eta artistei eta sortzaileei zuzenean egingo zaien 35,3 M€-ko ekarpena (+% 6,3), kultura-sektorea indartu dadin.
Justizia eta Giza Eskubideak: 359,6 M€
19 M€-tik gorako igoera izango du, batez ere, espetxeetarako plantilla handitzearen eta transferitutako langileen ordainsarien homologazioaren ondorioz.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa: 357,9 M€
Nabarmentzekoak dira 4 urtera arteko seme-alabak dituzten familientzako laguntzak, 122 M€-tik gorakoak. Emantzipa gazteen emantzipazioa sustatzeko programak 53 M€ izango ditu berriz ere; Gizarte Larrialdietarako Laguntzek 41,5 M€; familia-laguntzaren sarerik ez duten gazteak gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko Trapezistak programak 5 M€; genero-indarkeriaren biktima diren umezurtzentzako laguntzek 450.000 M€; eta gizarte-bonu termikoak 12,4 M€. Bestalde, oinarrizko laguntza materialaren programa 3,9 M€-raino handitu da, eta Beti-On zerbitzua 15 M€-raino. Horrez gain, sexu-indarkeriaren biktimentzako beste laguntza-programa bat sortu da, 1,8 M€-rekin.
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza: 273,9 M€
Zenbateko horren barruan sartzen dira Mutrikuko portura itsasoz sartzeko inbertsioa (10,7 M€) eta Nekazaritza Bermerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Europako Landa Garapenerako laguntzak (88 M€).
Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua: 176,6 M€
Sail horrek % 7,9ko igoera izan du 2024arekin alderatuta. Aurrekontu-igoera, funtsean, Euskal Administrazioaren Datu Zentroaren energia-efizientzia hobetzearen ondoriozkoa eta zibersegurtasunaren arloko soluzio teknologiko aurreratuak erostearen ondoriozkoa da (10,5 M€).
Ogasuna eta Finantzak: 122,5 M€
Ekarpenik deigarriena Finantzen Euskal Institutuari egindako 57 M€-ko ekarpena da, Sailak Eusko Jaurlaritzaren finantza-politika sustatzeko ezarritakoaren ildotik. Gainera, erakunde horrek gazteek etxebizitza erosteko abalen programa jarriko du abian.
Lehendakaritza: 95,5 M€
Emakundek 7,9 M€ izango ditu, e-Lankidetzak 55,7 M€ eta Kanpo Harremanetarako programak 13,3 M€.
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 57,8 M€
Sailaren aurrekontua % 8,3 handitu da, batez ere Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funtsak jasotzeagatik. Kontsumobidek ia 7 M€ izango ditu eta Basquetourrek 10,3 M€.
Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur eguerdian Pasaian, genero-indarkeriaren esparruan hilketa saiakera egotzita,…
Ertzaintzak bost gizon atxilotu ditu gaur goizean Gasteizen, Donostiako Garbera merkataritza-gunean egindako lapurreta batetik bi…
24_0621 Ertzaintzak Donostian emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotuako gizona espetxeratu dute Ertzaintzak Donostian emakume bati…
Ertzaintzak lau gizonezko (hiru heldu eta adingabe bat) atxilotu ditu ostiral gauean, Abanto-Zierbana udalerriko Putxeta…
24_0619 Bilbo, atxilotu bat hiru edukiontziri su emateagatik Bilbo, atxilotu bat hiru edukiontziri su emateagatik…
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu gaur, ostirala, goizaldean, Trapagarango industrialde batean indarra erabiliz lapurtzea egotzita.…