UEFA Women’s Champions League 2024 finalak 23 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du Euskadin.

San Mamesen joan den maiatzaren 25ean  jokatutako UEFA Women’s Champions League (UWCL) 2024 Finalak 23 milioi euroko inpaktua eragin du euskal ekonomian. Zenbateko horrek esan nahi du egindako inbertsioari dagokionez lortutako itzulkina (ROI) aipatu den kirol-ekitaldi hori egiteko hiru euskal erakundeen (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) artean aplikatutako aurrekontuaren halako 17koa izan dela; aldi berean 13,18 milioi euroko ekarpena egin du Euskadiko BPGd-n eta zuzeneko itzulkin ekonomikoa administrazioan 4,37 milioi eurokoa izan da.

Diru-sarreren guztizkoaren banakapenari dagokionez, 2,9 milioi euro baino gehiago 87 euskal enpresaren zerbitzuak kontratatzetik datoz; beste ia 2,7 milioi euro egoiliarrak ez diren pertsonek antolaketa-arrazoiengatik Euskadin egindako egonaldiari eta gastuei dagozkie; 8,8 milioi euro partidara bertaratutako pertsonek egindako gastuari dagozkio (gaualdiak, ostalaritza, merkataritza, garraioa, turismo-jarduerak…), eta 1,1 milioi euro baino gehiago gehitu behar dira, kasu honetan girotzearekin bat egin zuten pertsonek egindako gastuan arlokoak. Azkenik, gainerako 7,4 milioi euroak sektore arteko balio-katean —euskal ekonomian eragindako inpaktuak— injekzio ekonomiko horiek eragindako tarteko ekoizpenei dagozkie.

Hala berresten du Ikertaldek antolaketa-batzordearentzat egindako 2024ko UWCLren Finalaren eraginari buruzko txostenak. Txosten horrek ekitaldiaren irismena neurtzen du ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta komunikabideen ikuspegitik. Txosten hori egiteko, ekitaldiaren antolatzaileek emandako datuak eta laguntzaileekin eta sustatzaileekin izandako elkarrizketak kontuan hartzeaz gain, aldi berean 1.301 inkesta egin dira partidara joan zirenen, girora hurbildu zirenen eta, oro har, euskal herritarren artean.

San Mamesen 50.827 ikusle bilduz Emakumezkoen Champions Ligako final batera bertaratutakoen errekorra erregistratzeagatik historiara pasatzeaz gain, txostenean egiten diren kalkuluen arabera partidara joateko sarrerarik eduki ez arren 21.691 pertsona izan ziren egun horretan hirian sortutako girodun aldeetan modu aktiboan parte hartu zutenak. Horrela, Europa mailako kirol-hitzorduak 72.518 pertsona mobilizatu zituen.

Mobilizatutako pertsona guztien %58 emakumeak izan ziren, baita San Mamesen Finala bertatik bertara gozatu zutenen %60 ere. Horien guztien jatorriari dagokionez, mobilizatutako pertsonen herena baino gehiago (25.000 pertsona) Euskadikoak ziren, eta pertsonen %28 katalanak izan ziren, bi talde finalistetako bat FC Barcelona izan baitzen. Datu horien arabera, parte-hartzaileen %65,4 ez ziren Euskaditik etorri, beste norako batzuetatik etorri ziren Bilbao-Bizkaia-Euskadira.

Ekitaldian izandako parte-hartzearen ezaugarri nagusiak kontuan hartuta batez ere gazteak izan ziren (%72, 45 urtetik beherakoak), senide- edo lagun-talde zabaletan mugitu ziren eta jai-giroa, familiakoa, segurua, kolaboratiboa eta atsegina nabarmentzen eta goraipatzen dute.

33.719 pertsonak igaro zuten gaua Euskadin, eta horietatik % 84k Bizkaian igaro zuen, batez ere Bilboko hotel eta apartamentu turistikoen sarean, eta batez besteko egonaldia 2 gauekoa izan zen. Derrigorrez azpimarratu behar da gaua eman zuten 10 pertsonetatik ia 8k Bilbo-Bizkaia-Euskadin turismoa egiteko aprobetxatu zutela eta kultura- eta aisialdi-eskaintza turistikoan parte hartu zutela. Beste alde batetik, nabarmendu behar da sortutako turismoaren %71k biziki gomendatuko duela Bilbo, eta mobilizatutako turisten %76k itzultzeko prestasuna erakutsi zutela, eta etorkizunean hori pizgarri turistikoa izango dela gurean.

KALITATEZKO ESPERIENTZIA

Oro har UWCL 2024 Finala esperientzia oso positiboa izan da estadiora bertaratu ziren pertsonentzat, batez beste 10etik 8,7 puntuko gogobetetze-mailarekin. Era berean sarrerarik gabe mobilizatutako pertsonek 10etik 8,4ko nota eman zioten esperientziari.

Ondoen baloratutako alderdien artean, puntuazio bikainarekin, San Mames estadioaren erosotasuna, funtzionaltasuna eta girotzea daude (9,2/10), eta horren atzetik datoz sarreraren prezioa (9/10), hiriaren segurtasuna (8,9/10), hiriko ostalaritza-eskaintza (8,8/10), herritarren berotasuna eta laguntza (8,7/10), eta Bilboko turismo-eskaintzaren kalitatea (8,7/10), eta baita ekitaldiaren antolaketa (seinaletika, informazioa eta erraztasunak) eta bi taldeetako zaleen elkarguneak ere (Fan Meeting Points), biak ere 8,6/10 puntuazioarekin baloratuak.

Kontsultatutako pertsonek aipatutako hobekuntza-aukeren artean, ostatuen eta ostalaritzaren prezioak garestiak direla nabarmentzen da.

ERAGIN SOZIALA ETA AUKERAK

Kontsultatutako euskal herritarren %75,8k uste du UWCL 2024 Finala egitea urrats bat gehiago izan dela kirolean genero-aukera berdintasunean eta uste dute ekarpen ona izan dela genero-berdintasunaren aldeko lanean. Halaber, galdetutako 10 pertsonatik 8k uste dute ekimenari esker futbola eta kirola erakargarriagoak izango direla Euskadiko neskentzat eta uste dute Bilbo-Bizkaia-Euskadik etorkizunean ekitaldi handiak antolatzeko duen gaitasuna hobetuko duela, familia- eta kooperazio-balio berriekin futbol-zaletasun kontingente berria erakartzea eta sendotzea lortuz.

Legatuari dagokionez kontsultatutako euskal herritarrak bat datoz erakundeen itxaropenekin: oro har %81 pozik agertu dira UWCL 2024 lehiaketaren finalarekin, eta uste dute tokiko hazkunde ekonomikorako eta euskal enpresen garapenerako aukera bat izan dela.

ERAGIN MEDIATIKOA

Urtarriletik ekainera bitartean UWCL 2024 Finalak 4.512 inpaktu izan ditu prentsan, irratian, telebistan eta sare sozialetan, eta inpaktu horien publizitate-balio baliokidea adieraziz balio ekonomiko metatua 39,1 milioi eurokoa izan da. Finalarekin lotutako aipamen gehienak hedabide digitaletan eta sare sozialetan egin dira (%72). Garrantzitsua da nabarmentzea aipamen guztien %43 nazioarteko estaldura duten komunikabideetan sortu direla.

Ekitaldi handiak erakartzeko estrategiaren esparruan, 2023ko uztailean Grand Départ Pays Basque ekitaldiak izandako arrakastaren ondoren eta aipatu diren 2024ko UEFA Women’s Champions Leagueko Finaleko zifra positiboekin, hurrengo kirol-hitzordu nagusia 2025eko maiatzaren 21ean izango da, egun horretan lehen aldiz Euskadin UEFA Europa Leagueko Finala jokatuko delako San Mamesen.