Beste bi erakundek –Artechek eta Bilboko Portuak– egin dute bat gaur Basque Ecodesign Centerrekin (BEdC), hots, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko konpainia handien artean ezagutza aurreratua sortzeko, ezagutza hori Euskadiko enpresa-ehunaren gainerakora transferitzeko eta balio-katea ekonomia-eredu zirkularrago batera bultzatzeko sortutako lankidetza publiko-pribatuko aliantzarekin.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik Basque Ecodesign Centerreko Batzorde Estrategikoa zuzendu du, eta Artecheren eta Bilboko Portuaren atxikimendua onartu da bertan. Bi enpresa berri horiek Arcelor Mittal, Batz Group, CAF, Campezo Taldea, CIE Automotive, EDP, Eroski, Iberdrola, Kutxabank, Laboral Kutxa, Ormazabal, Orona, Siemens Gamesa Renewable Energy, Uvesco, Vicinay Sestao, Viuda de Sainz, ITP Aero eta Petronor enpresei gehituko zaizkie. Guztira 20 enpresa handi dira, beren balio-kateak eta Euskadiko ekonomia zirkularra bultzatzen jarraituko dutenak, ekimena bultzatu duten Ihobe eta SPRI erakunde publikoen laguntzarekin.
Eskaini duen hitzaldian, Jauregi sailburuak Basque Ecodesign Centerrek “aliantza berezi gisa” duen garrantzia nabarmendu du, ekonomia zirkularraren arloko erreferentzia-guneetako bat baita Europako hegoaldean. Sailburuak azpimarratu duenez, “Batzorde Estrategikoaren gaurko bilerak aukera eman digu balio-kateek ekonomia zirkularrari dagokionez dituzten erronka nagusiei eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren bidez erronka horiek aukera bihurtzeko beharrei buruzko goi-mailako gogoeta egiteko”.
Jauregik nabarmendu duenez, “produktuen ingurumen-inpaktuen % 80 diseinu-fasean zehazten dira; ekodiseinua eta jasangarritasuna lehiakortasun-faktore gisa ulertu behar ditugu, horrela beste herrialde batzuekin lehiatu ahal izango baikara”. Ohartarazi duenez, “kontsumitzen ditugun lehengaien % 75 baino gehiago inportatzen ditugu, eta % 11 bakarrik erabiltzen da berriro; ezin ditugu baliabideak zabortegietara bota”.
Euskal enpresa-ehunak ekonomia zirkularraren inguruan dituen erronkei dagokienez, honako hau adierazi du Jauregik: “2024. urte hau funtsezkoa da Europako Itun Berderako, besteak beste ekonomia zirkularra diseinuan txertatzera, greenwashinga kontrolatzera eta enpresen gardentasuna hobetzera bideratutako hainbat araudi onartu baitira”.
Batzorde Estrategikoak, halaber, Europako Batzordeak 2024-2029 aldi berrirako iradoki duen etorkizuna ere aztertu du. Azken hauteskundeen ondoriozko konfigurazio berriaren ondoren, berritu egin da 2019an Europako Itun Berdearekin hasitako ingurumen-konpromisoa. Ildo horretan, 2029. urtera arteko plangintzan, Europako Batzordeak industria ardatz izango duen Industria Garbiko Itunaren (Clean Industrial Deal) garapena aurreikusten du, garapen jasangarria lortzeko eta Europako Batasunak deskarbonizazioaren, hazkundearen eta lehiakortasunaren arloan hartutako konpromisoak babesteko.
Bestalde, Europako Batzordeak areagotu egingo du ekonomia zirkularraren aldeko apustua etorkizuneko araudi espezifiko baten bidez: Circular Economy Act. Etorkizuneko erregulazio horren helburua bigarren mailako materialen merkatuaren eskaria handitzea eta hondakinen merkatu bakarra sortzea izango da, arreta oinarrizko lehengaien kudeaketa zirkularrean jarrita.
Bestalde, Basque Ecodesign Centerrek, Euskadiko enpresa-ehunaren gainerakora transferitu beharreko ezagutza aurreratua sortzeko laborategia den aldetik, hainbat tresna garatzea ahalbidetu du 2024. urtean, hala nola Climate & Circularity Calculator izenekoa. Erakundeen, produktuen eta zerbitzuen ingurumen-jarduna modu sinplifikatuan eta bizi-zikloaren ikuspegi integralarekin ebaluatzeko doako tresna informatiko bat da. Tresna horrek Euskadiko testuingurura egokitutako 250 ingurumen-alderdi baino gehiagori buruzko datu-base bat du, eta handitu egingo da pixkanaka. Gaur egun, erregistratuta dauden Euskadiko 351 erakundek erabiltzen dute tresna hori. Tresna hori izango da Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Ekimenen Euskal Erregistroak karbono-aztarna kalkulatzeko izango duen tresna nagusia. Erregistro hori Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legea onartu ondoren sortu zen.
Basque Ecodesign Centerren sortutako ezagutza erabiliz, enpresentzat interesa duten gaiei buruzko 6 gida tekniko ere egin dira. Gai horien artean, honako hauek aipa daitezke: ingurumen-metrikak eta haien integrazioa, serbitizazioa, ekodiseinu zirkularra eta erakundeek erabili behar dituzten edo erabil ditzaketen gardentasun-mekanismoak.
Basque Ecodesign Centerren beste jarduketa-ildo bat profesional gazteak enpresek behar dituzten konpetentzia zirkularretan prestatzea da. 2024. urtean, BEdC-ren lehentasunetara bideratutako 4 prestakuntza-programa egin dira, eta 59 gazte prestatu dira. Haietatik, 21ek BEdC-n bertan egin dituzte praktikak. Halaber, jarduneko profesionalei zuzendutako prestakuntza-programa bat jarri da abian, Confebaskekin eta haren lurralde-ordezkaritzekin lankidetzan, klima- eta ingurumen-trantsiziorako palanka berriei buruzkoa. 2024ko urtarriletik urrira bitarte, 36 ikastaro presentzial eman dira, eta 695 profesional prestatu dira.
Basque Ecodesign Center zentroko Batzorde Estrategikoaren bileran, ekonomia zirkularraren arloko 2025erako hamar gakoak biltzen dituen txostenaren zirriborroa partekatu da enpresa kideekin. Gakoak honako hauek dira:
Ertzaintzako agenteek, Udaltzaingoaren laguntzarekin, bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean, Bilboko saltoki baten sarrera behartzeagatik…
Ertzaintzako agenteek 47 urteko gizon bat atxilotu dute Arrigorriagan, urrian industria-pabiloi bat suntsitu zuen sutea…
Azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren zaintza indartuko du. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako…
Durante esta pasada noche y la madrugada de hoy, sábado, se ha llevado a cabo…
Duela 23 urte ETAk hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo…
24_0635 Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar Fallece…