Asteazkenean, azaroaren 13an, kamioia kargatu dute Leioako Bizkaiko Campusean, Valentziako Unibertsitate Politikorako helmugarekin. Bost tonako kargamentua une honetan falta diren materialek osatzen dute: norbera babesteko ekipoak (eskularruak, maskarak, mantalak), hondakinak kentzeko erremintak (palak, aitzurrak, kapazuak), lixiba, gel hidroalkoholikoa, ur-botak.
Arabako, Bizkaiko (Bilboko Ingeniaritza Eskola, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko), Bizkaiko Campuseko Liburutegia, Leioa) eta Gipuzkoako Campusetan bildu dute laguntza, eta bihar goizean iritsiko dira banaketaz arduratuko den Valentziako Unibertsitate Politeknikora. Valentziako unibertsitate publikoekin (Universitat de València eta Universitat Politècnica de València) harremanetan jarri ostean UPV/EHUk adostutako laguntza eta elkartasun ekintzen parte da bidalketa.
EHUgune –Konpromisoa eta Eragin Sozialaren zuzendaritza arduratu da laguntza jaso eta bidaltzeaz. David Hoyos zuzendariak unibertsitate komunitate osoari eskertu nahi izan dio erantzuna azkarra izatea, baita emandako laguntza ere, aurreikuspen guztiak gainditu baititu. “Aipamen berezia behar du bai Leioako Bizkaiko Campuseko mantentze-taldearen lanak, bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilketa-puntuetan lagundu duten pertsona guztien lanak ere”, azpimarratu du Hoyosek.
Euskal Herriko Unibertsitateak, era berean, bestelako ekarpenak egitera animatzen du unibertsitateko komunitatea, maila pertsonalean, ekonomikoak barne. Valentziako Gobernuak kaltetuei laguntzak eta dohaintzak bideratzeko sortua izan den Som Solidaritat atarian egin daitezke.