Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Nazio Batuen Palestinako errefuxiatuei laguntzeko adierazpen instituzional hau adostu du, Israelgo Parlamentuak herrialdean bere jarduera debekatzen duen lege bat onartu ondoren:
«Israelgo Parlamentuak UNRWAri Israelgo lurraldean jardutea debekatzen dion lege bat onetsi ondotik, Nafarroako Gobernuak kezka handia adierazten du erabaki horrek Bulegoaren jardueren garapenean eta palestinar biztanleria zibila babesteko gauzatzen dituen laguntza humanitarioko proiektuen bilakaeran eraginen dituen ondorioengatik.
Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa (UNRWA) Nazio Batuen Batzarrak eratu zuen, 1949ko abenduaren 8ko 302 (IV) Ebazpenaren bidez, eta 1950eko maiatzaren 1ean hasi zen lanean, palestinar iheslarientzako larrialdiko laguntza emateko eta garapen-programak abiarazteko.
Hasiera batean, aldi baterako sortu zen, Palestinako errefuxiatuentzako irtenbide zuzena eta iraunkorra erdietsi arte jardutearren, eta UNRWAren agintaldiak urtebetean bukatu beharra zuen. Hirurogeita hamabost urteren buruan, Bulegoak palestinar iheslarien ongizaterako, giza garapenerako eta babeserako funtsezko zerbitzuak ematen jarraitzen du, bidezko irtenbide bat noiz etorri zain, eta NBEren Batzar Nagusiak UNRWAren «lanari eusteko premia” dagoela onartu du.
UNRWA da eskualdean zerbitzuak zuzenean ematen dituen NBEko erakunde bakarra. Besteak beste, hezkuntzakoak, osasunekoak, gizarte-zerbitzuak, kanpamenduen azpiegiturak eta hobekuntza-lanak, larrialdiko laguntza eta errefuxiatuen eskubideen babesa nazioarteko zuzenbideari jarraikiz. UNRWAren zerbitzuak bat datoz Nazio Batuen printzipio humanitarioekin: gizatasuna, neutraltasuna, inpartzialtasuna eta independentzia operatiboa.
NBEren Batzar Nagusiak hainbat aldiz berritu du Bulegoaren agintaldia. Egungoa 2026ko ekainaren 30era arte luzatuko da.
Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailean ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren bitartez, ekintza humanitarioaren babesa sustatzearen eta indartzearen alde egiten du, hainbat aldetako lankidetza ildo bat bultzatuz eta hitzarmen estrategikoak formalizatuz Nazio Batuen sistemako agentzia espezializatuekin, besteak beste, UNRWArekin.
Nafarroako Gobernuaren eta UNRWAren arteko elkarlana UNRWA Nafarroa erakundearen bidez gauzatzen da eta 2006. urtean hasi zen, nazioarteko laguntzen deialdietako dirulaguntzen bitartez. 2021etik aitzina, UNRWArekiko elkarlana dirulaguntza izendun baten bitartez bideratzen da, eta lankidetza-hitzarmen baten bidez antolatzen. Hala, laguntza humanitariorako eta garapenerako jarduerak eta herritartasun globalerako hezkuntzako jarduerak finantzatzen dira.
Horrez gain, 2023an, UNRWAren laguntza eskeari erantzunez, Nafarroako Gobernuak 266.000 euroko premiazko ekarpena eman zion gerrak eragindako oinarrizko premiei erantzuteko, Israelgo estatuak liskarrak gaiztotu baitzituen Gazako zerrendan eta egiazko krisi humanitario bat bizitzen ari baitziren lurralde haietan. Nafarroako Gobernuak UNRWAren proiektuetarako eman duen finantzaketa 5.171.337,00 eurokoa da, guztira.
Hain zuzen ere, joan den irailaren 21ean, ekitaldi instituzional batean, María Chivite lehendakariak UNRWAri eman zion Nafarroako Gobernuak urtero ematen duen Bakearen Nazioarteko Egunaren nazioarteko saria, palestinar biztaleriarekin duen konpromisoagatik eta egindako lanagatik.
Horregatik guztiagatik, eta Israelgo Parlamentuak UNRWAri herrialdean jardutea debekatzen dion lege bat onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuak, NBEren Batzar Nagusiak berak aitortu bezala, bulego horrek egiten duen lan eskerga aitortzen du, eta defendatzen du beharrezkoa dela eskualde hartan lan egiten segitzea, trabarik gabe jardutea palestinar iheslariei beren ongizaterako eta giza garapenerako zerbitzuak emateko, eta bulegoa ezinbestekoa dela eskualdearen egonkortasunerako.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren alde egiten du, ezinbesteko esparrua baita gatazka-egoeretan biztanleria zibilaren segurtasuna babesteko.»
Ertzaintzako agenteek 47 urteko gizon bat atxilotu dute Arrigorriagan, urrian industria-pabiloi bat suntsitu zuen sutea…
Azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren zaintza indartuko du. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako…
Durante esta pasada noche y la madrugada de hoy, sábado, se ha llevado a cabo…
Duela 23 urte ETAk hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo…
24_0635 Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar Fallece…
PRUEBA Ante las dificultades legales para la regulación específica de las autocaravanas, el Ayuntamiento…