PRUEBA
Atlantikoko hirien sarea A Coruñan bildu da arku atlantikoa bultzatzeko konpromisoa berresteko
Eneko Goia Donostiako alkatea A Coruñan izan da Atlantic Cities sareko zuzendaritzaren bileran. Bresten egindako azken batzarrean A Coruña hiriari eskualdatu zion lehendakaritza Donostiak, eta bisita honetan, babesa eta lankidetza agertu dizkiote Donostiako alkateak eta Estrategia Bulegoko zuzendari Kepa Kortak sareko presidente berria den Ines Rey García A Coruñako alkateari.
Zuzendaritzaren bilera A Coruñako udaletxean egin da, eta sarea osatzen duten hiriek bost lantalde sortzea erabaki dute, intereseko gaiak modu bateratuan aztertzeko eta Arku Atlantikoa bultzatzeko konpromisoa berresteko. Hauek dira bost lantaldeak: Gastronomia Atlantikoa, Sarearen Hedapena, Trenbideen Konektagarritasuna eta Garraioa, Turismo Jasangarria eta Eremu Atlantikoaren Gobernantza.
Bileraren ondoren, A Coruñako eta Donostiako alkateek agerraldia egin dute komunikabideen aurrean sareak emandako pausoak azaltzeko: «Aurrerapauso garrantzitsuak dira, eta elkarlanean jarraitzeko aukera emango digute, indarguneak sustatzeko, aliatu berriak bilatzeko eta Europari Arku Atlantikoko komunikazioen garrantzia aitortu dezan eskatzeko».
Ines Reyk azpimarratu duenez, «uztailean Bresten sinatutako adierazpena garrantzitsua izan zen; izan ere, harremanak indartzeko, gastronomia bultzatzeko, Atlantikoko turismoa indartzeko eta turismo iraunkorrago batean lan egiteko konpromisoa hartu genuen». Adierazpen horren emaitza dira orain eratutako lantaldeak. Horrez gain, eskerrak eman dizkie Eneko Goia alkateari eta Estrategia Bulegoari, azken urteotan sarea bultzatzeko eta bazkide berriak erakartzeko egindako lanagatik.
Eneko Goiak, era berean, eskerrak eman dizkio A Coruñako alkateari «sarearen buru izateko erronka bere gain hartzeagatik». Gogora ekarri duenez, «Donostiak ere une zail batean hartu zuen sarearen buruzagitza, pandemia betean, eta aldi honetan sarea indartzen eta baldintza hobeetan uzten ahalegindu gara».
Zentzu horretan, «Donostiak sarean inplikatuta jarraituko du eta garatuko diren lantalde eta ekimenetan parte hartuko du, orain arte bezala. Azken urteotan Gastronomia Atlantikoa bultzatzeko proiektua jarri dugu abian, eta aldarrikatzea dagokigun lan-esparru garrantzitsua dela iruditzen zait; horretarako, Basque Culinary Centerren lankidetza estua dugu».
Horrez gain, beste erronka batzuk ere azpimarratu ditu Goiak, hala nola, arku atlantikoaren komunikazioaren garrantzia; alor honetan, trenbidearen bultzada funtsezkoa izango da. «Arku Atlantikoko hiriak gure artean eta Europako gainerako herrialdeekin hobeto komunikatuta egon nahi dugu, eta ez Europa barneko garraio-sarearen bigarren mailan. Horretarako, lanean jarraituko dugu Europari abiadura handiko sarea garatu dezala eskatzeko sortu dugun lantaldearen bidez»