Gizon bat atxilotu dute Gasteizen pertsona bati erasotzeagatik eta lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu dute gaur goizaldean kalean oinezko bati lapurtzeko eraso egiteagatik. Biktima Txagorritxuko ospitalera eraman dute eta bertan dago. Gainera, atentatu-delitua egotzi diote, atxiloketan parte hartu duen ertzainetako bati eraso egin baitio.

Bart gauerdia baino minutu batzuk lehenago, herritar batek SOS Deiak 112 zerbitzura deitu zuen, Gasteizko San Viator kalean bi pertsona borrokan ari zirela jakinarazteko. Bertara joan diren patruilek lurrean etzanda zegoen gizon bat aurkitu dute, hainbat herritar zeundela gizona artatzen. Zaurituari odol asko zerion burutik, eta anbulantzia batek Txagorritxuko ospitalera eraman du, bertan ospitaleratuta dagoelarik.

Bien bitartean, zenbait ertzain erasoaren egilearen bila hasi ziren, eta bizikletan zihoala aurkitu zuten. Susmagarria, polizia ikusi duenean, aparkatuta zeuden bi autoren artean ezkutatzen saiatu da. Jarraian, orain atxilotu duten gizonak jarrera oldarkorra agertu du agenteekin, eta iraindu eta mehatxatu egin ditu, identifikatzen saiatzen ari ziren bitartean. Hala, haietako bati eraso egin dio.

Geroago egiaztatu ahal izan denez, erasotzaileak motxila bat lapurtu zion biktimari, eta, ondorioz, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat ere egotzi diote.

Atxilotua, 31 urtekoa eta polizia-aurrekariak dituena, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan.