Segurtasun Sailaren EBA sistema eta Barne Ministerioaren VIOGEN-2 sistema konektatuta daude jada

• Urrats berri horrek indarkeria matxistaren eta etxeko indarkeriaren biktimen babesa eta arreta hobetuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa eta Barne Ministerioaren VIOGEN-2 sistemak konektatuta daude, probak amaitutzat eman ondoren. Sistema horiek ahalbidetzen dute emakumeen aurkako indarkeriari buruzko espedienteak modu integralean kudeatzea, arriskuen ebaluazioak homologatzea, babes egokia ezartzea eta babes-agindu judizialak kudeatzea. Bi sistemen arteko koordinazioak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babesa indartzen du eta Estatu barruan haien mugikortasun segurua errazten du. Horrela, indarkeria matxistaren aurkako prebentzio eta babes integraleko neurriak hartzeko koordinazioa optimizatzen da. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen bezala “urrats berri horrek genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimen babesa eta arreta hobetuko ditu”.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak

2024ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak 5.268 delitu erregistratu ditu, bikotekideak edo bikotekide ohiak, etxean familiarteko batek edo sexu-askatasunaren aurka egindako emakumearen kontrako indarkeria-modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek, oro har, % 7,97 egin dute gora. Aldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 4.276 emakume zenbatu ditu, eta 2023ko aldi berari dagokionez igoera % 7,36koa izan da, beraz.

Lurralde historikoen arabera, kopuru handienak, bai kasuei dagokienez bai biktima izan diren emakumeei dagokienez, Bizkaian erregistratu dira; baina ehunekoa kontuan hartuta, era horretako delituek Gipuzkoan egin duten gora gehien, eta igoera % 15,69koa izan da. Informazio zehatza erantsitako tauletan.

Emakumearen aurkako delitu-tipologia:

  • Genero-indarkeria: Ertzaintzak 2024an jasotako salaketa-kopururik handiena, orain arte bezala, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du, 3.815 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera % 6,89koa izan da, beraz. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena. Aurten, urte hasieratik, emakume bat hil du Euskadin bikotekideak: Yaneli Gonzales, 31 urtekoa. Bikotekideak Bilbon hil zuen irailaren 12an.
  • Etxeko indarkeria: Emakumeen aurkako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia familiaren ingurunea da (familia barruko indarkeria, bikotekidea edo bikotekide ohia alde batera utzita), eta aurten, orain arte, 903 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino % 8,01 gehiago,  iaz 836 kasu erregistratu baitziren.
  • Sexu-indarkeria: Azkenik, 2024 eta 2023 aldietako konparazioan gora egin dute sexu-askatasunaren kontrako delituek: 550 kasu erregistratu baitira, eta aurreko urtean, berriz, 474; igoera, beraz, % 16,03koa izan da. Gehienak sexu-erasoak izan dira, eta igoera % 13,54koa izan da. Gainera, sexu-eraso larrienek gora egiten jarraitzen dute: 2023an 89 erregistratu ziren eta aurten, 2024an, 122 gertatu dira, hau da, % 37,08 gehiago.

Ertzaintzak 6.019 emakume babesten ditu

Ertzaintzaren jarduera-ardatz nagusietako bat indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babes integralera bideratzen dena da. Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta horien arabera esleitzen zaizkie dagozkien babes-neurriak. Une hauetan 6.019 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren edo poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.826k epailearen aginduz dute babesa eta gainerakoek biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda:

  • Kasurik larrienetan, arrisku handia duten emakumeentzako bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala ezartzen da: une hauetan 40 emakume daude egoera horretan: 22 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 9 Araban.
  • Kontrazaintza-zerbitzua: 239 emakume: 127 Bizkaian, 82 Gipuzkoan eta 30 Araban.
  • Baliabide teknologikoak: 217 emakumek dute aplikazio teknologiko bat (76k Bizkaian, 59k Gipuzkoan eta 82k Araban).
  • 135 gizonezkok daramate lokalizazio-eskumuturrekoa epailearen aginduz Ertzaintzak kontrolatuta: 46k Bizkaian, 54k Gipuzkoan eta 35ek Araban.

Polizia-prozedura eta arriskuaren ebaluazioa

Ertzaintzaren ertzain-etxe guztietan daude era horretako indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeaz bakarrik arduratzen diren taldeak. Horrez gainera, Herritarren Babeserako agente bakoitzak eguneko lanaldiaren zati bat bere mugapeko emakumeen aurkako indarkeria-kasuen jarraipena eta horien inguruko jarduketak egiteari eskaintzen dio.

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, espediente informatiko batean erregistratzen du. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita. Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste. Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

 OHARRA: biktimizazioak kasuak / salaketak dira, ez emakumeak. Ohikoa da emakume batek delitu bat baino gehiago salatzea

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua