Ertzainek 25 urteko gazte bat atxilotu dute gaur, asteartea, goizaldean, Bilbon, borrokan ari zirela beste gizon bati aurpegian ebakia egiteagatik. Biktima ospitalera eraman behar izan dute.
Goizaldeko lauak laurden gutxi aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote pertsona batzuk borrokan ari zirela Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharreko etxebizitza-eraikin bateko atari batean. Herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila bat hurbildu da lekura, eta egiaztatu du pertsona bat odola dariola zegoela masailean zuen ebaki batetik, eta anbulantzia bat eskatu dute.
Biktimak esan duenez, eztabaida izan du ezagun batekin adierazitako atariko etxebizitza batean, eta liskarrean ari zirenean, gizonak eskuan zuen objektu zorrotz batekin eraso egin dio eta ebakia egin dio aurpegian. Osasun-langileek zauritua artatu dute, eta, azkenean, Gurutzetako ospitalera eraman dute, dirudienez kirurgia behar baitzuen.
Polizia-baliabideak eraikinean sartu dira, eta odol-arrastoak eta hautsitako kristalak ikusi dituzte. Ustezko erasotzailea solairu bateko eskaileretan eserita aurkitu dute. Gizonak kolpe batzuk zituen aurpegian, eta borroka batean parte hartu berri duela onartu du. Identifikatu dutenean, lesio-delitua leporatuta atxilotu dute. Gainera, jakin ahal izan dute atxilotzeko eta Bilboko epaitegi batean pertsonatzeko agindua duela indarrean.
Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta Agintari Judizialaren eskuetan jarriko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan.