Categorías: albisteak-berriak

Liztor asiarraren aurkako jakien bizitza baliagarria luzatu egiten da hotzean eta CO2-arekin biltegiratuz gero

Jakien erabilgarritasun mugatua da liztor asiarraren aurkako borrokaren arazo nagusietako bat, eta hori konpontzeko gakoak aurkitu ditu FARMARTEM ikerketa-taldeak. Lan horretan ondorioztatu da biozida duten jaki proteikoek ez dutela eraginkortasuna galtzen, baldin eta hotzean eta CO2-arekin biltegiratzen badira. Hala, kontrol-metodo horren erabilera eraginkorra bermatu da, eta funtsezko tresna bat eskaini zaie enpresa ekoizleei eta erlezainei.

Vespa velutina nigrithorax espezie inbaditzailea, Asiako liztor izenez ezagutzen dena, 2010ean iritsi zen Euskal Herrira; orduz geroztik, kalteak eragiten ari da ingurumenean eta giza osasunean, bai eta galera ekonomiko handiak ere nekazaritzan eta erlezaintzan. Azken sektore hori da kalte gehien jasan duenetako bat, espezie hori intsektuen harraparia baita, ezti-erleena bereziki. Liztor asiarrek proteina behar dute habian dauden larbak elikatzeko, eta erleetatik hartzen dute proteina hori, proportzio handi batean, harrapakin errazak baitira berentzat.

Horregatik, interes berezia du liztor asiarrak kontrolatzeko tresnak garatzeak. Esate batera, “biozidadun jaki proteikoak erabiltzea metodo eraginkorra, ekonomikoa eta sinplea dela erakutsi dute. Liztorrek habiara eramaten dute larbek garatzeko behar duten proteina, eta proteina horrek txertatua duen biozidak larbak hiltzen ditu; ondorioz, habia ez da gehiago garatzen”, Rosa María Alonso FARMARTEM ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez.

Hala ere, “tranpa gisa erabiltzen diren substantzia proteikoek —jarraitzen du Alonsok— erabilera-denbora mugatua dute, beren osaera dela eta. Haien osagaien oxidazioak, entzima-jarduerak eta mikroorganismoek narriadura-konposatuak sortzen dituzte”. Haien eraginez, kolorea eta testura aldatzen da, eta usain desatseginak agertzen; ondorioz, liztorrek uko egiten diote jakiari. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) FARMARTEM ikerketa-taldeak ikerketa bat egin du, ikertzeko zer baldintza diren egokiak eraginkortasunik galdu gabe jaki horiek biltegiratzeko eta kontserbatzeko. Horretarako, taldeak jakien egonkortasuna aztertu du zenbait biltegiratze-baldintzatan: giro-tenperaturan, hozkailuan eta izozkailuan.

Hotzaren eta CO2-aren laguntzarekin

Ikerketaren emaitzen arabera, “hilabetez izoztuta kontserbatutako proteina-jakiek beren propietateei eusten diete, narriatu gabe”. Gainera, “hezetasuna murrizten duten agenteak erabiliz prestatutako jakiak CO2-z betetako poltsa termozigilatuetan sartuta (CO2-ak atmosfera babeslea eratzen du) eta hozkailuan kontserbatuta, gutxienez 14 egunez izan ziren eraginkorrak. CO2-a erabiltzeak moteldu egiten du narriaduraren seinale diren eta liztorretan arbuioa eragiten duten konposatuak agertzea. Horrek tranpen iraupena luzatzea bermatzen du”, Alonsok azaldu duenez.

Erlategietan saiakuntzak egin dira zenbait baldintzatan edukitako jakiekin, liztorrek haietako zein arbuiatzen zituzten jakiteko. Lortutako emaitzetan oinarrituta, “datuak tresna estatistiko eta kimiometrikoen bidez tratatu ditugu, egon daitezkeen arbuio-markatzaileak identifikatzeko, jakien kontserbazioa optimizatzeko eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko”, Rosa María Alonsok adierazi duenez.

UPV/EHUko FARMARTEM ikerketa-taldearen azterketak argi utzi du zein diren jaki horiek fabrikatzeko eta biltegiratzeko baldintzarik egokienak, eta horrek informazio garrantzitsua ematen die jakiak ekoizten dituzten enpresei, baita erlezainei ere, zeinek aurre egin behar baitiote liztor asiarra kontrolatzeko eta erlauntzak babesteko erronkari.

Informazio osagarria

Rosa M. Alonso Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Analitikoa Saileko irakasle katedraduna da. 1991az geroztik, FARMARTEM ikerketa-taldea zuzentzen du, zeinaren helburua baita zenbait arlotan aplikatutako metodologia analitiko berriak garatzea; besteak beste, arlo hauetan: farmazian eta metabolomikan, industrian, ingurumenean, arte-ondarearen kontserbazioan eta zaharberritzean eta dokumentuen datazioan. Alonsok Kimika Graduan eta Analisi Forentsea Masterrean irakasten du.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gasteiz, atxilotu bat Ertzaintzak hainbat substantzia estupefaziente aurkitu ondoren pabiloi batean

Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu dute bart osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.…

6 horas hace

Gaur goizaldean Barakaldon seigarren solairutik erori den gizon baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

25_0019 Gaur goizaldean Barakaldon seigarren solairutik erori den gizon baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza…

9 horas hace

Gorostizako Hockey eta Patinen pabiloiak grabazio sistema aitzindaria estreinatu du Euskadin, entrenamenduak monitorizatzeko eta partidak grabatzeko

Barakaldo Kirolak continúa mejorando los servicios que ofrece a los clubes deportivos a través de…

1 día hace

DANAk kaltetutako Valentziako eremuentzat bizikletak

Udaltzaingoaren bi agentek txatar egitera eraman behar ziren 45 bizikleta konpondu dituzte eta Paiporta eta…

1 día hace

Psifiacosek plataforma berritzaile bat sortu du osasun mentalaren adierazleak urrunetik eta denbora errealean monitorizatzeko – SPRI

Psifiacos osasun mentalerako software berritzailearen garapenean espezializatutako enpresa teknologikoa da. Gaur egungo ikuspegia ANNi garapenean…

1 día hace

Kontsumobide recomienda realizar estos pequeños gestos para ahorrar en energía

El Instituto Vasco de Consumo, Kontsumobide, consciente de que «la energía es un bien de…

1 día hace