600 kilo kokaina atzeman dituzte Salamancan, Ergu Operazioaren esparruan

Operazioan 3 pertsona atxilotu dituzte

Ikerketari esker, Iberoamerikatik Kantauri isurialde osora eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetara droga sartzen zuen egitura kriminal bat identifikatu ahal izan dute

Joan den abenduaren 20an, Guardia Zibilak kokainaren nazioarteko trafikoan aritzen zen talde kriminal bateko hiru kide atxilotu zituen Salamancako Robliza de Cojos herriko gasolina-zerbitzugune batean, ERGU Operazioaren esparruan.

Ertzaintzarekin batera egindako ikerketari esker, Iberoamerikatik droga legez kanpo inportatzen zuen eta Kantauri isurialde osora eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetara banatzen zuen egitura kriminal bat identifikatu ahal izan dute. Talde kriminal horrek Portugalen jarduten zuen EBn sartzeko abiapuntu gisa, eta Espainian biltegiratzeko eta banaketarako puntu gisa. Horretarako, aparatu logistiko bat mantentzen zuen aktibo penintsula barruko mugimenduak errazteko. Taldeak era askotako garraiobideak, hondo bikoitzaz edo debekatutako substantziaren kopuru handiak garraiatzeko aukera ematen zien beste baliabide batzuez hornituak, erabiltzen zituen, aldi berean, joan-etorrietan zigorgabetasunez eta ezkutuan jardutea ahalbidetzen zietenak, halakoa izanik konfiskatu duten autokarabana, beste garraiobide batzuk erabiltzeak eragingo lukeen trazabilitatea saihestuz.

Ikerketa berberei esker, ikertzaileek jakin ahal izan zuten droga-kargamendu handi bat mugituko zutela, Portugalen barrena, eta hipotesi gisa hartu zuten ikertutako talde kriminalak eguberrietako egunak erabiliko zituela kargamendua segurtasunez mugitzeko, autokarabanak oporretarako ohiko baliabidea izaten diren une batean.

Jardundako guztiaren ondorioz, abenduaren 20ko arratsaldean, Kantabriako Guardia Zibileko eta Ertzaintzako agenteek Robliza de Cojos herrian geldiarazi zuten, Salamancako Komandantziako Guardia Zibilaren laguntzaz, guztira 600 kilogramo kokaina zeramatzan autokarabana bat.

Testuinguru horretan autokarabanaren gidaria eta lantzadera ibilgailu gisa ziharduen eta Frantziako matrikula zeraman zilindrada handiko auto bateko bi bidaiariak atxilotu zituzten. Autoaren eginkizuna polizia-dispositiboen presentziaz ohartaraztea eta, aldi berean, garraiatzen zuten substantzia debekatuaren segurtasuna eta zaintza bermatzea zen.

Atxilotutako hiru pertsonak nazionalitate espainiarra duten adin nagusiko hiru gizon dira, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnak, eta ikerketan eskumena duen Laredoko 2. Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten, eta hirurak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Jarduera horien barruan, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hiru miaketa egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetako, hainbat higiezinetan. Miaketa horietan gama altuko hainbat ibilgailu atzeman dituzte, milioi erditik gorako balorazioa dutenak. Ibilgailuen elementurik garrantzitsuena, polizia-dispositiboen presentzia salatu ondoren,  ihes egitea bermatzeko zilindrada altua eta prestazioak dira. Horrez gainera, dirua zenbatzeko makinak eta pisatzeko eta ontziratzeko elementuak ere aurkitu zituzten, substantzien eta diruaren banaketaren ebidentzia gisa.

 Ikerketetan Portugalgo Polizia Judizialaren laguntza ere izan dute.

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua