Ertzaintzako agenteek 55 urteko gizon bat atxilotu dute Azpeitian genero-indarkeria, droga-trafikoa eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua leporatuta. Gizon batek bikotekideari tratu txarrak emateagatik etxe batean esku hartu ondoren, patruilek bost kilo eta erdi marihuana, 34 gramo kokaina eta 25.000 euro inguru aurkitu zituzten eraikinean.
Joan den ostiralean, goizeko zortziak aldera, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi zion bikotekideak tratu txarrak ematen zizkiola, eta une horretan bere onetik aterata zegoela eta jarrera biolentoa zuela.
Adierazitako lekura, Azpeitiako etxebizitza batera, Urola Kostako Ertzain-etxeko herritarren babeserako hainbat patruila agertu ziren, eta berriemaileak jakitera eman zien bikotekideak iraindu egin zuela eta heriotza-mehatxuak egin zizkiola, eta aspalditik ari zela etengabe koakzioak eta laidoak jasaten. Gizona identifikatu zutenean eta genero-indarkeriako ustezko delitu batengatik atxilotuko zutela jakinarazi ziotenean, urduri eta bere onetik aterata zegoen gizonak aurre egin zien esku hartzen ari ziren ertzainei, eta bat jo ere egin zuen, eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatuaren delitua ere leporatu zioten, beraz. Atxilotua lehenengo osasun-zentro batera eraman zuten balorazioa egitera eta arreta jasotzera, zer egoeratan zegoen ikusita.
Bost kilo eta erdi marihuana
Inplikatua atxilotu zuten gelan, polizia-baliabideek marihuana usain handia zerion poltsa bat ikusi zuten. Horren aurrean, arratsaldean bertan eta epailearen baimenarekin eta segizio judizial bat aurrean zela, aipatutako etxebizitza ikuskatu eta miatu zuten, eta agenteek guztira bost kilo eta erdi marihuana zituzten hainbat poltsa eta 34 gramo kokaina zituen beste poltsatxo bat aurkitu zituzten. Horrez gainera, 25.000 euro inguru konfiskatu zituzten eskudirutan, droga-trafikoarekin zerikusia izan zezakeelakoan.
Atxilotua, urte hasieran, kalamu-elkarte batekin zuen harremana zela-eta, substantzia sorgorgarrien ustezko trafikoaren delitu batengatik ikertu zutena, aske geratu zen polizia-eginbideak amaitu ondoren, eta gaur, astelehena, goizean Azpeitiako Epaitegira deitu dute.