28.000 bizikletatik gora daude Zarautzen

Jakina da Zarautzen eta zarauztarren elementu adierazgarrietako bat herrian egiten den bizikleten erabilera zabala dela. Adin guztietako bizilagunek gure kaleak zeharkatzen dituzte euren helmugetara joateko.

Duela hilabete batzuk, Zarauzko Udalak Olatu Berdea enpresari txosten bat egiteko eskatu zion, Zarauzko bizikletaren erabilerari buruzko datu zehatzak izateko. Txosten hori egiteko, 541 zarauztarri egin zitzaien inkesta Mugikortasunaren Astean, eta bertatik oso datu argigarriak atera daitezke.

Inkesta horretatik ateratzen den datu nagusienetako bat da etxe bakoitzeko bizikleta kopurua, ia 3 unitate (2,91), eta horrek, guztira, 28.262 bizikleta izatera garamatza udalerrian, hau da, 1,23 bizikleta biztanleko.

Datu horrek Zarautz Europako erreferentziazko beste hiri batzuen pare jartzen du bizikletaren kulturari dagokionez, hala nola Groningen (1,7) edo Utrecht (1,44), baita Amsterdam bera ere (0,97), eta bizikletaren erabilera sustatzeko ahalegina egiten ari diren gure inguruko hiriak baino dezente gehiago, hala nola Gasteiz (0,62) edo Donostia (0,57).

Bizikleta tipologiari dagokionez, esan behar da ia % 80 paseoko bizikletak direla, % 10 errepidekoak eta % 7,7 mendikoak, herrian barrena ibiltzen diren bizikleta elektrikoen ehunekoa oso bajua izanik.

Erosketa-prezioa erreferentziatzat hartuta, ondorioztatzen da % 45,6 200 €-tik behera dagoela, % 39,8 200 €-tik 600 €-ra bitarte, eta soilik % 10,1 dela 600 €-tik gorako erosketa-balioa duena.
Inkestatutako pertsona gehienek (% 63,1) egunero edo ia egunero erabiltzen dute bizikleta, eta arrazoi nagusia da erosketak egitera, aisialdira, eskolara edo lanera joateko. Zalantzarik gabe, oso elementu garrantzitsua da Zarauzko bizilagunentzat.

«Inkesta hau garrantzitsua da, iritziak, sentsazioak eta usteak datu zehatzetara eramateko aukera ematen baitigu, etengabeko hobekuntzari begira interpretatu eta erabili ahal izateko», adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasuneko, Proiektu Estrategikoetako eta Zarautz 2030eko zinegotzi arduradunak. «Jakin badakigu Zarautzen bizikleta gure kulturaren parte dela, baina, bestalde, badakigu bizikleten mundua kudeatu ere behar dugula elkarbizitza egoki bat eduki ahal izateko. Gure kasuan ez gaude bizikletaren erabilera sustatzeko fasean, bizikletaren mundua kudeatzeko fasean gaude zuzenean, eta hobekuntzak guztion ahalegina behar du».

«Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza»

Inkesta baliagarria izan da, halaber, Zarauzko bizilagunak gehien kezkatzen dituzten alderdiak ere identifikatzeko. Aspektu horietako asko udaleko Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko departamentuak elkarrekin egiten ari diren Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuaren barruan sartuta daude. Proiektu horren helburu nagusia espazio publikoaren erabiltzaile guztien arteko koexistentzia hobetzea da.

Proiektu honek urtean zehar egiten diren jarduera asko biltzen ditu, hala nola bidegorrien hobekuntza, seinaleen eta irisgarritasunaren hobekuntza, prebentzio-kanpainak, bide-hezkuntza eta kontzientziazio-ekintzak… Garatzen ari diren ekintzen artean, aipatzekoa da udalerriko gizarte-eragileekin batera egiten ari den lana, guztiek partekatutako erabilera-eremu bat zer izan behar duen definitzeko, eta, horrela, gaur egun gatazka gehien egon daitezkeen eremuetan bizikidetza hobetzen joateko.