Ateak zabaldu ditu Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gune berriak. Zerbitzua eskuinaldeko udalerrietara hurbildu eta arinduko du

  • Zabalduko den gune berri horrekin, Ibilgailuen Azterketa Teknikoko sei gune izango dira Bizkaian. Eusko Jaurlaritzak eskuinaldeko zerbitzua arintzeko eta herritarrei denbora eta joan-etorriak aurrezteko apustu argia egin du
  • Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gunea Olabide kaleko 10 A zenbakian dago, Urdulizko Ospitalerako irteeran dagoen industrialdean. Astelehenetik ostiralera egingo ditu zerbitzuak, 7:30etik 15:00etara.

Gaur goizean jarri da zerbitzuan Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gune berria (Olabide kaleko 10 A zenbakian), Urdulizko Ospitalerako irteeran dagoen industrialdean. Gunearen irekiera-ekitaldian izan dira Jose Luis Azkue Eusko Jaurlaritzako Industria Garapen eta Administrazioko zuzendaria, Guruzne Carrasson Sopelako alkatea, eta Gaiska Madariaga, kontzesioa duen enpresaren arduraduna.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gune berri horren diseinuan, aintzat hartu dira azterketa hori egiteko azken teknologia, azken belaunaldiko ekipoak eta digitalizazio-maila gorena, eta, horrela, azterketa-prozesuetan arintasun eta segurtasun handiagoa ziurtatuko da. APPLUS ITEUVE EUSKADI enpresak egingo du zerbitzua, emakida-araubidean. Enpresa horrek, gaur egun, Euskadin Zamudioko eta Arrigorriagako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko guneak ustiatzen ditu, eta 65 langile ditu.

Sopelako instalazioak hiru azterketa-linea ditu: bi ibilgailu arinentzako eta bat unibertsala, baita motozikleten azterketara egokitutako box bat ere. Horrenbestez, teknikariek edozein kategoria eta ibilgailu motari dagokion azterketa egin ahal izango dute.

Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gunea mota horretako seigarren gunea da Bizkaian —Trapagaran, Zornotza, Arrigorriaga, Zalla eta Zamudiokoei gehitzen zaie—.Horrela, Eusko Jaurlaritzak eskuinaldeko eskualdean zerbitzua arintzeko apustua egin du, Erandio, Leioa, Getxo, Sopela, Urduliz, Plentzia edo Gorliz gisako herrietako, besteak beste, herritarrei mesede egingo dien eta denbora eta joan-etorriak aurrezteko aukera emango dien ekipamendu hurbilagoarekin.

Aurreikusten da 2025. urtean 25.000 azterketa egiteko gaitasuna izango duela, eta ondorengo urteetan hazten joango dela, urteko 50.000 azterketa inguru egin arte.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gune hori 2024rako martxan jartzea aurreikusita zegoen, baina 2025eko urtarrilera arte atzeratu da, lursaila kokatuta dagoen industrialdea urbanizatzeko zenbait jarduketa osagarri adostu beharrak eraginda —Udalak zehaztu gabe zituen—.

Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gunearen ordutegia, aurretiko hitzordua eta aurretikoak

Hasiera batean, Ibilgailuen Azterketa Teknikoko gune berriak astelehenetik ostiralera egingo ditu zerbitzuak, 7:30etik 15:00etara. Haren webgunean hartu daiteke hitzordua edo 946 149 021 telefonoan. Ordutegi hori zerbitzuaren premien arabera zabaldu ahal izango da.

Euskadiko Ibilgailuen Azterketa Teknikorako prezioak bateratuta daude gune guztietarako, eta jendeari jakinarazi zaizkio. Adibidez, gasolinazko turismo baterako edo ibilgailu arin baterako azterketak 57,81 €-ko prezioa du, diesel ibilgailu baterako kostua 60,19 €-koa da eta elektriko baterako prezioa 55,67 €-koa.