Donostia, hiru atxilotu Alde Zaharrean pertsona bati egindako erasoagatik

Ertzainek 28, 20 eta 19 urteko hiru gazte atxilotu dituzte gaur goizaldean Donostian pertsona bati, ustez Greziako PAOK futbol-taldeko jarraitzailea izateagatik, egindako erasoagatik, atzo Gipuzkoako hiriburuan jokatutako partidaren ondoren. Biktima osasun-zentro batean artatu dute eta ez zuen zauri larririk.

Erasoa goizaldeko 02:00ak inguruan gertatu da Donostiako Alde Zaharrean. Dirudienez, Kale Nagusian bakarrik zegoen eta argazkiak ateratzen ari zen gizon bat hiru gaztek inguratu dute eta jatorriaz galdetu diote. Gizonak esan die Greziakoa zela eta bart gauean jokatu den Realaren eta Salonikako PAOKen arteko partida zela-eta zegoela hirian.  

Une horretan, erasotzaileetako batek buruan jo du gizona kristalezko botila batekin, eta, ondoren, ihes egiten hasi denean, inplikatuek beste botila bat eta piztutako bengala bat bota dizkiote. Objektuek bizkarrean jo dute biktima.

Hiru erasotzaileek ihes egin dute, baina inguruko kale batean atzeman eta atxilotu dituzte gertaeraren abisua jaso dutenean Boulevardera inguratu diren Ertzaintzako agenteek. Zauritua osasun-zentro batean artatu dute eta, ondoren, salaketa jarri du jasandako erasoagatik.

Esku-hartzean, ertzainek era horretako erasoekin erlazionatutako elementuak kendu dizkiete atxilotuei, besteak beste, sinbologia ultra duten jantziak, eskularru beltzak, aho-babeski bat, eta gertakarietan erabilitako bengala hartu dituzte.  

Hiru atxilotuek Ertzain-etxean jarraitzen dute Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri bitartean.