Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu bart gauean Donostian, etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Atxilotuak zihoazen autoan sarrailak behartzeko erremintak, aurpegia estaltzeko jantziak, piperbeltz-espraiak eta eskudirua aurkitu dituzte.
Atzo, asteartea, 21:00ak aldera, Donostiako Antiguo auzoko bizitegi gune bateko bizilagunek Ertzaintzara deitu zuten, bi gizon eraikineko sarrerako ateko sarraila behartzen harrapatu zituztela esanez.
Bertaratu ziren ertzainek bi gizonei eta erabili zuten ibilgailuari buruzko informazioa bildu zuten.
Handik berrogeita hamar bat minutura, susmagarriak bilatzeko dispositiboan parte hartzen ari ziren patruilek alderrai zebilen ibilgailu bat ikusi zuten, eta ibilgailuan zihoazen bidaiariak bat zetozen berriemaileek emandako deskribapenarekin. Polizia-baliabideek ibilgailuaren gidaria eta kopilotua, 40 eta 50 urteko bi gizon, identifikatu zituzten.
Ibilgailua miatzean, agenteek aurpegia estaltzeko hainbat jantzi, besteak beste, txanoak, buffak eta zapiak, eta haririk gabeko hiru entzungailu pare aurkitu zituzten ordezko gurpilaren zuloan. Autoaren beste txoko batzuetan, besteak beste, sarrailak behartzeko erremintak, bi piperbeltz-esprai, 5.290 euro, 25 dolar eta 50 lari georgiar aurkitu zituzten, bai eta bi telefono mugikor eta hiru SIM txartel ere.
Horren aurrean, bi pertsona horiek atxilotu egin zituzten etxebizitza batean indarrez lapurreta egitea leporatuta, eta ondoren polizia-egoitzara eraman zituzten dagozkien polizia-eginbideei hasiera emateko. Horiek amaitzean, atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.