Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak bilera izan du gaur goizean Rita Laura Segato antropologo argentinarrarekin. Pentsalari feminista Euskadin da Gasteizko Jabekuntza Feministarako Eskolan parte hartuko duelako: gaur arratsaldean Feminismoen erronkak garai apokatiptikoetan hitzaldia emango du Villa Suso jauregian.
Rita Laura Segato munduko intelektual iberoamerikar eraginkorrenetako bat da, emakumeen aurkako indarkeriari eta genero, arrazakeria eta kolonialitatearen arteko harremanei buruz ikerketa ugari egin ditu. Aitortua da emakume indigenekin izandako lankidetza eta aktibismo esperientziei egindako ekarpena. Emakumeen aurkako indarkeria-egoera latzak salatu ditu eta emakumeen aurka egindako gizateriaren aurkako krimenak deskribatzeko femigenozidio terminoa asmatu zuen. Gaur egun, Brasiliago Unibertsitateko irakasle emeritua da Segato.