Joan den urtean, Barakaldok emantzipazioari buruzko 2.614 kontsulta jaso zituen GAZ zerbitzuan. Eusko Jaurlaritzak sustatu du zerbitzu hori, eta duela urtebete iritsi zen Barakaldora, lankidetza-hitzarmen baten bidez. «Zerbitzu honi esker, emantzipazioaren erreferente bihurtu gara Barakaldoko eta eskualde osoko gazteentzat, eta gazteentzako laguntzarik onena bihurtu gara, aholkularitza pertsonalizatuarekin, prestakuntzarekin eta programa berritzaileekin», azaldu du Jonathan Martinek prentsaurreko batean, Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordearekin, Adrián López Gazteria eta Emantzipazio zuzendariarekin, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria zinegotziarekin eta Ana Rosa López Uralde Gasteizko Gazteria zinegotziarekin batera.
Gazte Bulegoan du egoitza (San Juan kalea 17, Barakaldo), eta GAZ zerbitzuak hainbat lan-ildo garatu ditu. Adar garrantzitsuenetako bat gazteen eskura dauden aholkularitza espezializatuei buruzkoa da: aholkularitza juridikoa, psikologikoa eta orientazioa etxebizitzan, enpleguan eta mugikortasunean. Zehazki, 325 gazteri eman diegu arreta.
Aholkularitza espezializatuez gain, GAZ Barakaldok banakako aholkularitza du. Aurten, hezkuntzaren ikuspegitik, 30 gazterekin baino gehiagorekin lan egin da, emantzipaziorako laguntza pertsonalizatuko prozesuetan, haien eskaerei eta beharrei erantzunez.
EMANTZIPAZIO ESKOLA ETA STEAM
Barakaldon Emantzipazio Eskola sortu da, hiriko gazteek proposatutakoa, eta beraiek dira ikastaroak eta tailerrak proposatzen dituztenak. Aurten 238 pertsonak parte hartu dute etxebizitza, enplegua eta ongizateari buruz antolatu ditugun tailer eta hitzaldietan. Era berean, teknologiari eta ekintzailetzari buruzko ekimenak bultzatu dira. Ekimen horietan, STEAM estrategia diseinatzen eta sortzen parte hartu da gazteekin, eta, haien eskutik, STEAM Gela eta STEAM KORNER Gela jarri dira abian; ondoren, 195 pertsonak parte hartu dute urteko jardueretan. «Datorren urtean sakonduko dugun lan-ildoetako bat izango da, STEAM tekniketan sakontzeko programatutako hainbat ikastarorekin», aurreratu du Martinek.
Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren esparruan garatutako programa guztiak zenbait printzipio orientatzailek zuzentzen dituzte, eta, horien artean, belaunaldien arteko ikuspegia oso azpimarragarria da Barakaldon. «Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze unitate bat sortu dugu lan-ildo hori ezartzeko, eta belaunaldien arteko batzorde misto bat sortu dugu. Batzorde hori 6 gaztek eta 5 adinekok osatuko dute, eta Barakaldo Lagunkoia zahartze aktiboaren aldeko adinekoen taldearekin batera lan egitea bultzatu du», nabarmendu du zinegotziak. Iaz belaunaldien arteko jardueren programa bat egin zen topalekuetan, 11 jarduerarekin, eta guztira 120 parte-hartzaile izan dira.
«Barakaldoko Udala oso pozik dago GAZek Barakaldon eta Ezkerraldean izan duen harrerarekin. Ikusten duzuenez, asko dira lehen urte honetan zerbitzua erabili duten gazteak, eta benetan ilusionatuta gaude aurrean dugun etorkizunarekin. Etxebizitza eskuratzea gazteen kezka nagusietako bat da, eta, zalantzarik gabe, GAZ bulego bat izateak gazteen emantzipaziorako etorkizuneko zerbitzuak diseinatzen lagunduko digu «, amaitu du.