Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Mendaroko Ospitaleko eta Eibarko Ospitaleko instalazioak bisitatu ditu gaur, eta bi zentro horietako profesionalekin bildu da, Debabarreneko ESIaren errealitatea zuzenean ezagutzeko eta ESIak eskualde horretako herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta prestazioak hobetzeko. Martinezek adierazpen batzuk egin ditu komunikabideentzat bisitaren aurretik, eta iragarri du Osakidetzak kirurgia robotikoko azken belaunaldiko robot bat instalatuko duela aurki Mendaroko Ospitalean, urologia-zerbitzuan.
Sailburuak adierazi duenez, ‘hemendik hilabetera, martxoaren 27an, kirurgia robotikoko jarduera hasiko da Mendaroko Ospitalean, eta robot mota hori eskualde-ospitale batean instalatuko den lehenengoa izango da’. Gaineratu duenez, ‘guretzat pazientea da ardatza, eta teknologia berri horrek ongizate eta bizi-kalitate hobea ekarriko du eta, zalantzarik gabe, gure osasun-sistema sendotuko du’. Ekipamendu robotizatu horren bidez, kirurgia-denbora murriztu, kirurgia-prozesuan zirujauaren jarrera hobetu eta errekuperazio- eta errehabilitazio-denbora nabarmen murriztu ahal izango da. Izan ere, ekipamendu horiekin lor daitekeen doitasunari esker, pazienteek infekzioak izateko probabilitatea murriztu egingo da.
Gaur egun, robotarekin lan egingo duten medikuntza- eta erizaintza-talde guztiak prestakuntza jasotzen ari dira, pazienteei teknologia berri horrek eskaintzen dituen aukera guztiak berme eta segurtasun osoz eskaini ahal izateko.
Gaur egun, Gipuzkoan sistema kirurgiko robotizatu bakarra dago lurralde osoko biztanleentzat, Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta Martínez sailburuak adierazi duenez, robot berriaren zuzkidurari esker «egungo lan-karga bi erreferentzia-puntutan banatuko da, eta horrek pazienteen kopurua handitzea eta itxaron-zerrendak murriztea ahalbidetuko du».
Hortaz, Osasun Sailak eta Osakidetzak baliabide gehiagoz hornituko dute Debabarreneko ESIa, kalitaterik handieneko kirurgiak denbora-tarte laburragoan egiteko. Oraingoz, Sistema Kirurgiko Robotizatu hori urologiaren arloan erabiltzea dago aurreikusita, baina, teknologia horretan lortu den aurrerapena eta lortutako baimen berriak direla eta, sistema beste espezialitate batzuetan ere erabili ahal izango dela aurreikusten da.
Dentsitometroa Eibarko anbulatorioan
Bestalde, Eibarko anbulatorioan (hots, sailburuak gaur bisitatu duen beste osasun-zentro batean), sotoa birmoldatu egingo da, eta gaur egun espazioak asistentzia-arretarekin partekatzen dituzten zerbitzu orokor guztiak solairu horretara eramango dira. Horren bidez, hainbat gela liberatuko dira eta arreta-kontsultetarako gaituko dira, pazienteei beren osasun-laguntzarako instalazio hobeak eskaintzeko. Horri esker, Osakidetza osasun-zentro guztietara eramaten ari den Lehen Mailako Arretarako estrategia pazienteentzako erosotasun handiagoarekin zabaltzen jarraitu ahal izango da.
Gainera, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, martxoan dentsitometria-zerbitzurako lizitazioa aterako du Osakidetzak. Zerbitzu horrek hezurren egoera aztertzea eta hainbat gaixotasun (hala nola osteoporosia) prebenitzea du helburu, eta urte honen amaieran jarriko da abian Eibarko Ospitalean.
Debabarreneko jardunaldia amaitzeko, Alberto Martinezek Elgoibarko osasun-zentro berria eraikiko den lekua bisitatu du herriko alkate Maialen Gurrutxagarekin batera.
Instalazio berri honekin, udal kiroldegietan kontsumitutako energia guztiaren %20 iturri berriztagarrietatik etorriko da Aste honetan…
Elkarteek otsailaren 26 edo 27an parte ahrtu ahal izango dute Udalak irabazi asmorik gabeko elkarteen…
Eskaera epea otsailaren 13an hasi eta martxoaren 12an amaituko da Otsailaren 12an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean…
Lore Bilbao Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak nabarmendu du Osasun Sailaren 2025eko erronka…
Aurten eguzki-energiako 5 instalazio berri garatuko dira Ekologiako zinegotzi Iñigo Garcíak azpimarratu duenez, “hiriak energia…
Gros eta Intxaurrondoko haur-eskolen proiektuak ere onartu dira Donostiako Udalak onartu du Loiolako Erriberetan haur-eskola…