Marihuana-landaketa bat aurkitu dute Legutioko familia bakarreko etxebizitza batean

Ertzaintzak Legution (Araba) bizi den 47 urteko gizon bat atxilotu du, bere etxean ehun marihuana-landare aurkitu ostean. Landaketa, intrusio-alarma bat piztu ondoren aurkitu dute.

Joan den ostegun arratsaldean, Ertzaintzako zenbait agente Legutioko familia bakarreko etxebizitza batean izandako intrusio-alarma bat egiaztatzera joan ziren. Legez kontrako zerbait egiten ari ez zirela egiaztatzeko barrura sartu zirenean, geletako batean, ertzainek ehun marihuana-landare zituen plantazio bat aurkitu zuten, bi armairutan sartuta. Landareok argiztapen-sistema bat, haizagailuak eta laborantzarako erauzgailuak zituzten.

Barruan inor ez zegoela egiaztatu ondoren, etxebizitzaren titularrarekin hitz egin zuten telefonoz, eta hark aitortu zuen landareak bere jabetzakoak zirela. Bi ordu geroago, patruilek eskatuta, etxebizitzan agertu zen, eta atxilotu egin zuten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.

Atzo, ostirala, arratsaldean, Gasteizko ertzain-etxeko agenteek akusatuaren familia bakarreko etxebizitzan sartu eta miatu zuten, agintaritza judizialarekin. Ertzaintzak egindako ikuskapenean, joan den ostegunean aurkitutako 100 marihuana-landareak kendu zituzten.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, 47 urteko akusatua gaur goizean eraman dute epaitegira, epailearen aurrean deklaratzera.

Jaitsi erantsitako dokumentua