Lore Bilbao: “Osasun Sailaren 2025eko erronka nagusienetako bat ekainean Euskadiko Osasun Itunaren Mahaian akordioa lortzea da”

Lore Bilbao Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak nabarmendu du Osasun Sailaren 2025eko erronka nagusienetako bat Euskadiko Osasun Itunaren Mahaian akordioa lortzea dela, “ekainean espero dugu”, eta itxaropentsu agertu da hurrengo pausoekin, “akordioan oinarritutako ildo estrategikoak  ezartzeak herritarren aldeko osasun politikak martxan jartzen lagunduko baitu”, bere ustez. Hala adierazi du Osakidetzako Gurutzetako Ospitaletik egin den Bizkaia Irratiko saio berezi batean.

Osasunari buruzko saio berezi horretan, sailburuordeak azaldu du, lehen bi faseak kontsentsuarekin onartuta, diagnostikoarena eta printzipio eta baloreena, hirugarren fasean dagoela Euskadiko Osasun Itunaren Mahaia. Lore Bilbaok zehaztu du printzipio eta balore horiek izango direla oinarri hirugarren fase honetan landuko diren ildo estrategikoak definitzerako garaian. Lerro estrategiko bakoitzerako lan talde bat sortuko da eta eragileek ordezkariak izendatuko dituzte. Hain zuzen ere, lan horri ekingo zaio datorren asteazkenean, otsailak 26, ospatuko den Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiaren bileran, hortik aurrera lan taldean martxan jarriko dira, sailburuordeak azaldu duenez.

Osasun Sailaren 2025eko erronkak

Halaber, Lore Bilbaok 2025eko Osasun Sailaren beste erronka batzuk ere aipatu ditu Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan. Hala, adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak herrialde aurreratuek dituzten erronka berberak dituztela aurretik: zahartzaroa, gaixotasun kronikoak, osasun mentala eta beste hainbat. Eta horrez gain, eta zehaztasunera jota, Osasun arloko Behatokia eta Osasun Datuen Bulegoa urte honetan martxan jartzeko asmo azaleratu du. “Badaukagu Plan bat, badakigu zer eta nola egin. Gizarteak ongizatean haztea, zerbitzu publikoak indartzea eta bizi kalitatea hobetzea eskatzen digu. Horretan gabiltza eta horretan jarraituko dugu”, esan du sailburuordeak.

Itxaron-zerrendak eta LEP

Itxaron zerrendak ere izan dira hizpide gaurko elkarrizketan, Lore Bilbaok azpimarratu du itxaron zerrendak murriztea lortu dela azken hilabete hauetan martxan jarri den talka-planari esker. Neurrien artean, besteak beste, agendak malgutu izan nabarmendu du, dinamikoagoak eta herritarren beharretara egokituak, “hau guztia profesionalen eskutik egin dugu, dakitenei entzunez, beraiek dira osasun sistemaren errealitatea hobekien ezagutzen dutenak”. Gainera, gogorarazi du itxaron zerrendak murriztea lortu dela, pazienteak kontsulta pribatuetara bidali gabe.

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoen inguruan galdetuta, Lore Bilbaok azaldu du martxan dauden lan eskaintza publikoei esker 11.000 plaza baina gehiago egonkortzea lortuko dela. Era berean, gogorarazi du aurten LEP berezi bat egingo dela, betetzeko zailak diren familia mediku eta pediatriako 200 plazarekin, eta aipatu du urtarrilean beste 4.000 plaza gehiago iragarri zirela. Prozesu horren amaieran behin-behinekotasuna % 9 inguru murriztuko da.