Categorías: albisteak-berriak

Azterlan batek berretsi du emakumeak ikusezin bihurtzea eta aukerarik eza oraindik oztopo direla haientzat sukaldaritzan

Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko Foru Sailak Euskal Gastronomia Akademiarekin lankidetzan egindako azterlan batek (Deustuko Unibertsitateak garatu du) berresten duenez, emakumeak ikusezin bihurtzea, haientzat aukerarik ez egotea eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko zailtasunak erronka handiak dira oraindik emakumeentzat goi-mailako sukaldaritzan.

Gaur prentsaurrekoan aurkeztutako ikerketak agerian jartzen du sektorean oraindik egiturazko desberdintasunak daudela, eta botere-egiturek oraindik ere mugatzen dutela emakumeak lidergo-postuetara iristea, nahiz eta emakume ikasleen % 92,8k bokazioagatik aukeratu duten sukaldaritza ikastea.

Emakumeen artean, ikasleen % 89,9k 10 urte barru sukaldaritzan lanean ikusten dute beren burua, baina aukerarik eza, emakumeak ikusezin bihurtzea eta bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egiteko zailtasunak oztopo handiak dira oraindik. Txostenak agerian jartzen du gastronomia arloan oraindik genero-desorekak bizirik daudela.

Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak adierazi du ikerketa-lan hori garrantzitsua dela emakumeek goi-sukaldaritzan dituzten oztopoak agerian uzteko.

«Txosten honek zifrak eta testigantzak jartzen dizkio ezin ukatuzko errealitateari». Aukera-desberdintasunak bere horretan jarraitzen du, eta, erakunde eta gizarte gisa, gure erantzukizuna neurri eraginkorrak bultzatzea da, emakumeentzako benetako aukerak bermatzeko esparru guztietan, gastronomia barne.

«Emakume asko eta askoren talentua ezin da alboratuta geratu aukera-desberdintasuna betikotzen duten egituren erruagatik». Sektore horretako kultura eraldatu eta kristalezko sabaiak hautsi behar ditugu, eta emakumeek gora egin eta lider izateko aukera berdinak izango dituztela bermatu».

Bestalde, Euskal Gastronomia Akademiako presidente María del Mar Churruca Barriek adierazi du xxx

Inkestatuen artean, inork ere ez du uste chef izatea «gizonen kontua» denik, baina emakume ikasleen % 46,5ek eta emakume sukaldari profesionalen % 87,5ek adierazi dute sektorean ez dagoela aukera-berdintasunik emakume eta gizonen artean. Gainera, emakumeen artean, ikasleen % 50ek eta profesionalen % 62,5ek uste dute emakumeek

aukera gutxiago dituztela goi-mailako sukaldaritzan nabarmentzeko, eta horrek erakusten du lan esparru horretan emakumeei oztopo inplizituak jartzen zaizkiela garapen profesionalerako.

Aukera-desberdintasuna betikotzen duen arrazoietako bat genero-estereotipoak dira. Tradizioz, sukaldea emakumeari lotutako etxeko espazioa izan da, baina esparru profesionalean, izen ona eta prestigioa gizonentzat izan da. Dikotomia horrek sendotu egiten du emakume langile nekaezinaren irudia; lidergoak eta berrikuntzak, berriz, gizonekin lotuta jarraitzen dute. Dinamika horrek emakumeen aukerak mugatzeaz gain, sukaldaritza profesionala gizonen egitura hierarkikoek mendean duten eredu bat iraunarazten du.

Aukera-desberdintasun horretan eragina duen funtsezko beste faktore bat amatasuna da, emakumeentzat oraindik egiturazko oztopoa baita. Emakume ikasleen % 35,7ren ustez, amatasuna oztopo bat da, eta % 64,3ren ustez, amatasuna da goi-sukaldaritzan gizon gehiago egotearen arrazoi nagusia. Iritzi hori askoz zabalduago dago emakume sukaldari profesionalen artean; izan ere, haietatik % 87,5ek adierazten du amatasunak beren ibilbide profesionala eragozten duela. Datu horiek agerian jartzen dute bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egitea oraindik ere emakumeen erronka esklusiboa dela sektorean.

Gainera, sukaldaritza profesionalean emakume erreferenterik ez egoteak eragina izaten jarraitzen du belaunaldi berrien artean. Emakume Ikasleen % 60,7ren iritziz, gizonek ikusgarritasun handiagoa dute gastronomiaren eremuan, eta % 50en iritziz, neskek emakume erreferente gehiago behar dituzte. Sukaldari profesionalen artean iritzi hori orokorragoa da: % 100ek uste dute gizonen ikusgarritasuna handiagoa dela, eta % 75en ustez, gizonek ekimen handiagoa dute beren burua ezagutarazteko orduan. Emakume erreferenterik ez egoteak indartu egiten du emakumeak goi-mailako sukaldaritzako lidergora iritsi ezin diren ideia, eta beraz, emakumeen aintzatespen eta proiekzio profesionala zailagoa da.

Emakumeen arrakastarako funtsezko faktoreak

Gastronomiaren arrakasta-faktoreei dagokienez, emakume ikasleek uste dute sormena (% 70), beren buruarengan konfiantza edukitzea (% 64,2) eta baliabide ekonomikoak (% 50) funtsezkoak direla aurrera egiteko. Hala ere, emakume sukaldari profesionalek nabarmentzen dute elementu erabakigarriena bikaintasun teknikoa dela (% 87,5), eta horren ondoren, autokonfiantza, berrikuntza eta inbertsio ekonomikoa (guztietan % 75). Aurrekoak hau esan nahi du: emakumeek beren karrera profesionalean aurrera egin ahala, haien ustez, talentua berez ez da nahikoa eta beren balioa etengabe erakutsi behar dute, emakumeekin zorrotzagoa den sektore batean.

Oztopo horiek gorabehera, emakumeek sektorean jarraitzeko kemena dute. Emakume ikasleen erdiek beren negozioa jarri, sukaldariburua izan edo Michelin izarra duen jatetxe batean lan egin nahi dute. Hala ere, % 53,6k bakarrik uste dute etorkizunean jatetxe bat zabalduko dutela, eta ehuneko hori txikiagoa da sukaldari profesionalen artean (% 37,5). Hortik ondorioztatu daiteke, lan-prekarietatea eta lan-zailtasunak direla eta, emakume askok atzera egiten dutela gastronomian lidergo-rolak hartzean.

Azterlanak erakusten ditu emakumeek goi sukaldaritzan dituzten oztopoak, eta gainera, sektorea eraldatzeko dei egiten du. Emakumeek merezi dituzten aintzatespena eta aukerak lortu ahal izateko, ezinbestekoa da benetako berdintasun-politikak bultzatzea, familia eta lana bateragarri egiteko neurri eraginkorrak bermatzea eta lidergo-espazio inklusiboak sortzea. Sukaldaritzak emakume gehiago behar ditu goi-zuzendaritzan, langile nekaezin gisa ez ezik, sektoreko erreferente eta lider gisa ere, ekitaterantz eboluzionatu behar duen sektore batean.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Lapur bat edukiontzi batean aurkitu dute Bilboko taberna batean lapurtutako kutxa erregistratzailearekin

25_0129 Lapur bat edukiontzi batean aurkitu dute Bilboko taberna batean lapurtutako kutxa erregistratzailearekin Lapur bat…

37 mins hace

Bizkaiak aholkularitza pertsonalizatua eta 12 ordenagailu kuantikotarako sarbidea eskainiko ditu, enpresek kuantika erabiltzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak aholkularitza aditu pertsonalizatuko zerbitzuak eta azpiegitura kuantikorako sarbidea eskainiko dizkie lurraldeko enpresei,…

4 horas hace

Bizkaialde fundazioak 25 urte bete ditu, eta Bizkaiko kirolarekiko konpromisoari eutsi dio

Bizkaialde Fundazioak 25 urte bete ditu eta ohiko topaketa egitearekin batera ospatu du, lurraldeko kirol-arloko…

4 horas hace

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Aranguren Ibarrak hitzarmena sinatu dute biribilgune berri bat eraikitzeko, Mutiloako industrialdearen eta Iruñeko ingurabidearen inguruko trafikoa hobetzeko

Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek eta Aranguren Ibarreko alkate Manolo Romerok lankidetza-hitzarmena sinatu dute NA-2310…

4 horas hace

GRANATE proiektu estrategikoak erradioterapiak erantzun terapeutikoa hobetzen duen egoera kliniko kantzerigenoak identifikatzen ditu

Erradioterapiaren eragina hobetzea, bigarren mailako ondorioak eta toxikotasuna murrizteko, eta tumore-pazienteengan erantzun terapeutikoa areagotzea izan…

4 horas hace

Nafarroako Gobernuak «Aniztasuna Aberastasun» zortzigarren eskola lehiaketa deitu du

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak, Memoria eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, «Aniztasuna aberastasun» zortzigarren…

4 horas hace