Bizkaiak aholkularitza pertsonalizatua eta 12 ordenagailu kuantikotarako sarbidea eskainiko ditu, enpresek kuantika erabiltzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak aholkularitza aditu pertsonalizatuko zerbitzuak eta azpiegitura kuantikorako sarbidea eskainiko dizkie lurraldeko enpresei, Lantik foru-sozietatearen bidez, teknologia kuantikoekin proiektuak doan probatu eta garatu ditzaten. Hala azaldu dute, gaur goizean, «Teknologia kuantikoen ezarpena eta aplikazioa bultzatzeko deialdia» jardunaldian, zeina Bizkaiko Gobernuak antolatu baitu BAT Dorreko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroan. Jardunaldira ehun bat pertsona bertaratu dira, eta, haien aurrean, enpresa batzuen kasu praktikoak aurkeztu dira, hainbat sektoretan lortzen ari diren lehiakortasun-abantailak erakusteko.

Teknologia kuantikoa gorantz doan teknologia disruptiboa da, eta haren garapenak aplikazioak ditu sektore guztietan, hala nola finantzetan, energian edo telekomunikazioetan, medikuntzan, mugikortasunean, kimikan edo fabrikazio aurreratuan. Mekanika kuantikoa deritzon fisika-adar batean oinarritzen da; adar horrek aztertzen du nola funtzionatzen duten gauzek eskala oso txikietan, adibidez, atomoetan eta partikula subatomikoetan. Eskala horretan, materiaren eta energiaren portaera ohikoaren oso bestelakoa da; ez da aurreikusteko modukoa. Teknologia kuantikoen barruan, hiru familia daude: konputazioa eta simulazioa; komunikazio seguruak eta zibersegurtasuna, eta sentsorika eta metrologia.

Doako zerbitzuak Bizkaiko enpresentzat

Lehenengo erabilera-kasuak garatzen hasi nahi duten Bizkaiko enpresek aholkularitza espezializatuko zerbitzu bat izango dute, bai eta aurkezten duten proiektuaren premietara ondoen egokitzen den azpiegitura kuantikorako sarbidea ere. Urte amaierarako, Bizkaiak 12 ordenagailu kuantikotarako sarbidea eskainiko du; ordenagailu horietan, 5 teknologia desberdin izango dira.

Enpresek beren gain hartuko duten kostu bakarra beren langileen dedikazio-orduak izango dira. Bigarren fasean, erabilera arrakastatsuko kasuak dituzten enpresak daudenean, Bizkaiko Foru Aldundiak aholkularitza espezializatua eskainiko die, teknologia kuantikoko departamentu propioak sor ditzaten.

Orain aurkezten den zerbitzua doakoa da, eta Bizkaian egoitza soziala eta fiskala duten eta gutxienez 5 langile dituzten edozein sektoretako enpresentzat da. Zerbitzua eskuratzeko, Lantikek deialdi publiko bat egingo du, zeinaren bidez enpresek aurkeztu beharko baitituzte esperimentatu nahi dituzten proiektuak. Baina, lehenago, beren interes-adierazpenak esteka honen bidez aurkeztu behar dituzte.

Zerbitzu hau Biqainen parte da; Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen eta Eusko Jaurlaritza buru duen BasQ aliantzaren parte den estrategia industrial kuantikoa da Biqain. Enpresa handien eta ETEen tokiko erabilera-kasuak identifikatu nahi dira, gainerako enpresa-sareak teknologia disruptibo horiek balia ditzaten sustatzeko.

Biqainek lurraldearen eta bertoko enpresen lehiakortasunari laguntzen dio, gorantz doan teknologia horri goiz heltzeko aukera emanez; izan ere, inpaktu potenziala du munduko ekonomia nagusiak jada kokatzen ari diren sektore guztietan, non Bizkaiak oso posizio lehiakor nabarmena baitu.

Horren adibide dira jardunaldian zehar ezagutzera eman diren Bizkaiko enpresen benetako kasu praktikoak, zehazki, enpresa hauetaz ari gara: Global Data Quantum, Erdhart Serikat, Falcondale, Quantum Mads, QCentroid, Ibermática edo Quibiz.team.

Eraztun kuantiko esperimentala

Jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusiak azaldu du Biqainek laster lurraldeko ezagutza eta zerbitzu kuantiko guztiak batuko dituela Leioako Parke Zientifikoko Maria Goyri eraikinean. Bertan bilduko dira Biqainek Bizkaiko ekosistema kuantikoa dinamizatzeko eskainiko dituen gainerako zerbitzuak: sentsibilizazioa, prestakuntza, ekintzailetza eta garapen esperimentalerako azpiegituretarako sarbidea. Konputazio kuantikoko 5 teknologia desberdinetarako sarbidea egongo da, 12 hornitzailek eskainitakoak, besteak beste: IBM, D Wave, Fujitsu, Microsoft o IQMIBM, D Wave, Fujitsu, Microsoft edo IQMek.

Oro bat iragarri du ezen eraztun esperimental bat garatuko dela, Tecnaliak Zamudion duen egoitza lotzeko Abantoko Parke Zientifikoko Energy Intelligence Centerrekin, Leioako María Goiri eraikinarekin, Bilboko BAT dorrarekin, Bilboko Telefónicarekin, Zorrozaurrekin eta Ingeniarien Eskolarekin.

Mobile World Congress

Horregatik guztiagatik, Biqain protagonista izango da «Teknologia kuantikoak eta lankidetza publiko-pribatua» topaketan. Martxoaren 4an Bartzelonan egingo den Mobile World Congress-en izango da topaketa, Telefonicaren standean. Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu berri du konpainia horrekin, haren bazkide teknologiko bihurtzeko teknologia kuantikoko industria-estrategia honen garapenean.