Ertzaintzako agenteek bi pertsona identifikatu zituzten igandean Ondarroako udal-barrutian, hainbat espezietako 375 kilo arrain mota horretako garraiorako egokia ez zen ibilgailu batean eta modu osasungaitzean zeramatzatelako. Eusko Jaurlaritzako Arrantza Ikuskaritzako teknikariak egin ziren aurkitutako materialaren kargu, eta zehapen-espediente bat ireki die.
Igande goizeko zortzi eta erdiak aldera, Arrantza Ikuskaritzak Ertzaintzari jakitera eman zion ibilgailu batean lonjatik igaro gabeko arraina zeramatela.
Ondarroako Ertzain-etxeko agenteek bi gizon zihoazen ibilgailua aurkitzea lortu zuten. Identifikatu ondoren, egiaztatu ahal izan zuten maletategian mota ezberdinetako 137 kilogramo arrain zeramatzatela, plastikozko poltsatan sartuta eta osasunaren kalterako egoeran. Miatzen jarraitu zutenean, arrainez betetako zabor-poltsa gehiago aurkitu zituzten, 238 kilo inguru, eta guztira 375 kilo ziren. Hasiera batean, marinelentzako partida izango zen, baina partikular batek erosi zuena ondoren kalean saltzeko, baina pisatu gabe eta lonjatik nahitaez igaro gabe, eta, gainera, trazabilitatearen arloan indarrean dagoen legeriak eskatzen duen dokumentaziorik gabe, maiatzaren 29ko 418/2015 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.
Horregatik guztiagatik, Arrantza Ikuskaritzako teknikariak egin ziren aurkitutako arrainaren kargu, eta, beharrezko frogaketak egiteaz gainera, zehapen-espediente bat ireki zien elikagaien segurtasunaren arloko araudia ez betetzeagatik .