Ertzaintzak 39 eta 40 urteko bi emakume atxilotu ditu Gipuzkoako hiriburuan osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik eta lan-intrusismoagatik. Atxilotuek medikuntza estetikoko ebakuntzak egiten zituzten ezkutuan pisu turistiko batean.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak lan-intrusismoagatik jarritako salaketa baten bidez, Ertzaintzak jakin zuen sare sozialen bidez legediarekin bat ez zetorren moduan egiten ziren tratamendu mediko estetikoen publizitatea egiten ari zirela. Hori dela-eta, Donostiako Ertzain-etxeko baliabideek ikerketa hasi zuten egiten ari zitezkeen delitu-jardueren helmena egiaztatzeko. Sare sozialen bidez tratamendu estetikoak eskaintzen ziren denbora-tarte labur batean, bi emakumeak hiriburuan zeudenean. Era berean, Espainiako beste lurralde batzuetan eta Europan egindako tratamenduak ere aipatzen ziren.
Indarrean dagoen legeriaren arabera, tratamendu estetikoak medikuek bakarrik egin ditzakete baimendutako zentroetan, eta erabilitako produktuek Estatuan eta Europan osasun-produktuei buruz indarrean dagoen araudia bete behar dute.
Ikerketan zehar, egiaztatu zuten tratamendu estetikoak ez zirela baimendutako zentro batean egiten, baizik eta hiriburuaren erdiguneko etxebizitza turistiko batean. Era berean, atxilotu dituzten emakumeak mediku gisa aurkezten ziren, era horretako tratamenduak egin ahal izateko inolako agiri ofizialik akreditatu gabe. Bestalde, erabilitako materialak ez zuen legezko araudia betetzen, eta zerbitzuak kontratatzen zituzten pazienteen osotasun fisikorako arrisku larria sor zitekeen.
Egitate horien aurrean, atzo arratsaldean atxilotu zituzten bi emakumeak lan-intrusismoa eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Ostatu hartuta zeuden etxean egindako miaketan Europako araudiarekin homologatu gabeko produktuak eta egindako ebakuntzekin ustez iruzurrez eskuratutako zazpi mila eurotik gorako diru-kopurua konfiskatu zituzten.
Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko izapideak egitera, eta, ondoren, atzo arratsaldean jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan.