Eibarren atxilotu dute kokainarekin trafikatzeagatik

Ertzainek 53 urteko gizon bat atxilotu dute, Eibarko Ertzain-etxeak droga-trafikoaren inguruan egindako ikerketa baten ondorioz. Usteko trafikatzailearen eskuetan kokaina-kopuru esanguratsua eta botika batzuk aurkitu dituzte, dosiak prestatzeko beharrezko materialaz gainera.

Joan den asteazkenean usteko trafikatzailea atxilotzea ahalbidetu zuen Ertzaintzaren operatiboa azken asteotan gauzatu da, Eibarko etxebizitza baten inguruan pertsona bat drogarekin trafikatzen ari zitekeela jakin ondoren.

 Egoera horren berri izan ostean, zaintza-dispositiboak ezarri zituzten inguruan, eta egiaztatu ahal izan zuten pertsona ezberdinak sarri joaten zirela aipatutako etxebizitzaren ingurura, eta etxe horretan bizi den pertsonarekin kalean kontaktu laburra izaten zutela. Kontaktu horretan pertsona horrek legez kanpoko substantziak ematen zizkiela uste izan zuten.

 Hori dela eta, joan den asteazkenean operatiboko agenteak transakzio horietako baten lekukoak izan ziren, eta ustezko trafikatzailea geldiarazi zuten. Bere gauzen artean hauts zuri baten, ustez kokaina zenaren, hainbat dosi aurkitu zizkioten. Susmagarria identifikatu egin zuten, eta, beharrezko frogaketak egin ondoren, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta atxilotu zuten.

 Gero bere etxean sartu eta miaketa egin zutenean, substantzia bera zuten hainbat dosi, botika batzuk, dirua eta dosiak prestatzeko beharrezko materiala aurkitu zituzten.

Poliziaren egoitzan beharrezko izapideak amaitu ondoren, atxilotua gaur, ostirala, jarri dute agintari judizialaren eskuetan.