Ertzainek lau pertsona atxilotu dituzte Bilbon eta Bermeon, eta ikertu gisa eginbideak ireki dizkiete beste biri, Penintsularen iparraldeko etxebizitzetan egindako hainbat lapurretarekin lotuta egindako ikerketa baten ondorioz. Etxebizitzetan lapurretak egiten dituen talde antolatu bat da, eta azken hilabeteotan Arabako Lurralde Historikoan, Nafarroan, Kantabrian eta Asturiasen dozenaka lapurretatan parte hartu izana leporatzen diote.
Polizia-ikerketak iaz Arabako hainbat etxebizitzatan egindako lapurreten ondorioz hasi ziren. Ertzaintzaren Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak hartu zituen bere gain ikerketak, eta jakin ahal izan zuen lapurreta horietan Bizkaiko hiriburuan bizi ziren hainbat pertsonak parte hartu zutela. Ikerketa horien ondorioz, era horretako delituetan espezializatutako talde antolatu bateko kideak zirela ere zehaztu zuten.
Asteartearen goizeko lehenengo ordutik, Ertzaintzaren Arabako eta Bizkaiko Ikerketa Zerbitzuko agenteek, Bilboko Ertzain-etxeko patruilen eta mugakide diren beste mugape batzuetako, Esku-hartze Unitateko (BBT), Brigada Mugikorreko eta Txakurren Unitateko baliabideen laguntzaz, polizia-dispositibo bat jarri zuten abian ikertutako pertsonak atxilotzeko. Astearte goizean 30 urtetik 33 urtera bitarteko hiru pertsona atxilotu zituzten Bilboko leku ezberdinetan, eta atzo beste inplikatu bat atxilotu zuten Bermeon (Bizkaian). Beste bi pertsonari ere eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa egitate berberengatik. Operazioa Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegiak zuzenduta gauzatu da.
Gainera, etxebizitza bat miatu dute, eta bertan hainbat ebidentzia jaso dituzte, horien artean, bitxiak, gailu elektronikoak, eskudirua eta aipatutako lapurretekin lotutako tresnak, eta guztiak aztertuko dituzte.
Ertzaintzak polizia-ikerketekin jarraitzen du etxebizitzetan egindako lapurreta horiek argitzeko, eta ez du baztertzen pertsona horiek beste lurralde batzuetan egindako antzeko beste egitate batzuetan parte hartu izana.
Polizia-operazioari “Jauzilari” deitu zioten, taldearen modus operandiagatik; izan ere, batez ere bizitza bateko etxeetan egiten zituzten lapurretak, perimetroko hesiaren edo hormaren gainetik jauzi eginda. Lapurretak normalean ilunabarrean egiten zituzten, modu horretan, etxe barruan argirik pizten ez bazen, etxea hutsik zegoela detektatu baitzezaketen.
Atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte beharrezko eginbideak amaitzean, baina operazioa zabalik dago oraindik, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.