Bilboko Udalak ezagutzera eman du udal-zerbitzuen laguntzarekin —Bilbao Ekintzaren bidez— 2024an sortutako negozio eta enpresa berrien jardueraren balantzea; zifrek marka guztiak hautsi dituzte eta ekintzailetzari laguntza integrala emateko zerbitzuak sendotu. Azpimarratzekoa da 293 enplegu sortu dituzten 204 enpresa sortu direla; horrek %28 eta % 40ko hazkundea dakar, hurrenez hurren, aurreko urteko zifrekin alderatuta (160 enpresa eta 209 enplegu).
Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroak 2.372 pertsonari eman die arreta 2024an Ensanche eraikinean (2023an baino %16 gehiago), eta 597 enpresa-ekimenen proposamenak jaso ditu (2023an 482 izan ziren). Horietatik, azkenean, aipatutako 204 enpresak sortu dira, 3.867.259 euroko guztizko inbertsioarekin. Sortutako 204 enpresek azken zazpi urteetako daturik onena ekarri dute: 2017an, adibidez, 130 enpresa sortu ziren, 181 lanpostu sortuz, eta 2022an 185 negozio izan ziren, 234 enplegurekin.
2024an hirian sortutako enpresa berri guztien %40 merkataritza-jardueren eta ostalaritzaren esparrukoa da: 21 saltokiak izan dira, 29 osasunaren eta ongizatearen arloari lotutako negozioak, 22 ostalaritzaren ingurukoak eta 11 ile-apainketa eta estetikaren esparrukoak. Gainera, sormen- eta kultura-industriak dagoeneko sortutako saltoki berrien %25 dira (2023an %19), eta enpresentzako zerbitzu aurreratuek %10 osatzen dute (2023an %8), goraldian diren lehentasunezko jarduera-sektoreak.
Negozioen forma juridikoei buruzko datuari dagokionez, %82 banakako enpresaburuek sortu dituzte. Enpresen kokapenari dagokionez, %27 Abandon daude, %23 Ibaiondon, % 14Errekalden, %10 Deustun, %9 Begoñan, %8 Uribarrin, %6 Basurtu-Zorrotzan eta %3 Otxarkoaga-Txurdinagan.
Hirian sortutako negozioen bideragarritasunari dagokionez, horien biziraupen-ehunekoa %94,38ra igo da, kontuan hartuta 2023an sortutako enpresak (2022an %86,4), eta horrek Bilboko Udalaren eskutik sortutako negozio berrien bizitza eta luzera sendotzen eta indartzen ditu.
Negozio horien sustatzaileen profilari erreparatzen badiogu, gazteen kolektiboa nabarmentzen da, Bilboko ekintzaileen %79ak ez duelako 45 urteko adina gainditzen (25 eta 35 urte bitarteko gazteak %43 dira). Negozio guztien erdiak emakumeek sortu zituzten, eta %54 enplegua zuten pertsonak izan ziren, udalaren ekintzailetza-zerbitzuen eskutik ekitea erabaki zutenak.
Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziak, nabarmendu duenez, “udal-zerbitzuek balio handia ematen diete ekintzaileei, laguntza pertsonalizatua eta doakoa ematen baitiete ibilbide osoan, ideia sortzen denetik hasita eta garatzen den bitartean, aholkularitza espezifikoa eskainiz, kaudimenarekin eta bermeekin ekin ahal izateko”.
MIGRATZAILEEN EKINTZAILETZA
2024an sortutako enpresen herena baino gehiago, zehazki, % 35, migratzaileek sortu dituzte, 2023an baino %4 gehiago. Ehuneko hori pixkanaka hazten joan da urteetan zehar; esaterako, 2021ean, sortutako enpresen %4 baino ez ziren migratzaileek sortutakoak. Gainera, udalaren laguntzarekin kolektibo horrek sortutako enpresek enplegu berriaren % 38 sortu dute hirian.
Migratzaileek sortutako enpresa guztien %55, hau da, erdia baino gehiago, atzerritar jatorriko emakumeek sortu zituzten. Negozio berri horien sektoreei dagokienez, jarduera batzuen hazkundea nabarmendu behar da, hala nola merkataritza (%12,5), sormen-industriak (%9,72), zerbitzu aurreratuak (%4,17) edo eremu digitalarekin eta Internetekin lotutakoak (%2,78). Enpresa horiek sortu dituzten migratzaileen adinari dagokionez, 10etik 8 baino gehiago 45 urtetik beherakoak izan dira.
“2017an, Bilbao Ekintzaren laguntzarekin sortutako enpresen % 5 bakarrik sortu zituzten migratzaileek, baina, ildo horretan izandako hazkundeaz gain, egiaztatu dugu migratzaileek gero eta enpresa espezializatuagoak sortzen dituztela eta ez dutela soilik enplegu berria sortzen ostalaritzako sektoreetan. Aitortu beharra dago espiritu ekintzaileak eta kolektiboaren ekintzailetza-tasa altuak eragin erabakigarria dutela hiri-inguruneak suspertzeko eta dinamizatzeko. Zalantzarik gabe, hurbileko ekonomiaren eragile garrantzitsuak dira”, adierazi du Kontxi Claverrek, migratzaileen ekintzailetzari dagokionez. “Ekintzailetzak erakutsi du bitarteko garrantzitsua dela migratzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzeko eta laneratzeko, bai eta haien mugikortasun ekonomiko eta sozialerako ere, batez ere besteren konturako enplegua lortzeko oztopoak dituzten pertsonentzat”.
GUNE BERRIA ZABALGUNE ERAIKINEAN
Zinegotziak azpimarratu duenez, “guztira 2.657 enpresa jarri dira martxan Bilbon 2004az geroztik, udal-zerbitzuen laguntzarekin. Zerbitzuok, orain, Zabalgune eraikinean biltzen dira, eta ideia berrien motorra izaten jarraitu dezaten nahi dugu, ekintzaileei negozio berrien bizi-garapen osoan laguntzeko. Hori guztia, gure hiriko komunitate ekintzailea indartuko duen baliabideen ekosistema aberats baten bidez. Herritarrak animatzen ditugu Zabalgunean eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak ezagutzera etor daitezen, dagoeneko Bilboko herritar ekintzaileen atea baita”.
Bilboko erdigunean dagoen Zabalgune eraikina Bilboko Udalaren jardueraren motorra da hiriaren dinamizazio ekonomikorako eta ekintzailetzarako, eta enpresa berrien sorkuntzarekin lotutako baliabideak zentralizatu eta biltzen dituen lekua da. Bertan, dagoeneko martxan da coworking gune berria, beren enpresa-proiektua aztertzeko prozesuan diren Bilboko ekintzaileei zein Bilbao Ekintzak lagundutako enpresa sortu berriei eskainitako lekua.
Partekatutako lan-eremu garden horrek 100 metro koadro ditu eta bi eremutan banatuta dago: bata, negozioaren azterketa-fasean dauden pertsonei zuzenduta dago eta esleipen finkorik gabeko espazioak eskaintzen ditu; besteak, ordea, hiru urtetik beherako bizitza duten enpresak dagoeneko sortuta dituzten ekintzaileentzako espazio finkoak ditu. Bi kasuetan, ezinbestekoa da Bilbao Ekintzako ekintzailetza-zerbitzuen laguntza jaso izana.
“Espazio berri honek, Bilboko erdigunean egoteaz gain, aukera ematen du instalazioez gozatzeko eta gure ekintzaileek komunitatea sortzeko eta euren artean indartzeko, une oro doan eta aurrez aurre lagun diezaiekeen lantaldetik gertu egoteak dakarren balio erantsiarekin”, adierazi du amaitzeko Kontxi Claverrek.
MERKATARITZA-EKINTZAILETZA
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, babesa, laguntza, aholkularitza eta prestakuntza emateko ibilbide bat eskaintzen du, ekintzaileek beharrezko gaitasunak eskura ditzaten eta beren negozio-plana azter dezaten, merkaturatzea bermatzeko: negozio-ideiatik hasi eta negozioa martxan jarri eta hazi arte. Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Zentroan ematen diren zerbitzu guztiak doakoak dira ekintzaileentzat, eta %40an Europar Batasunak kofinantzatzen ditu, Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren bidez.
2024an ekintzaileek jasotako laguntzari dagokionez, 393 proiektuk enpresa-proiektuari buruzko aholkularitza eta tutoretza jaso dute, 353 proiektuk negozio-plana egiteko aholkularitza jaso dute, 83 proiektuk markari eta komunikazio-estrategiei buruzko aholkularitza, 67 proiektuk IKT aholkularitza, 55 proiektuk lokalaren egokitzapenari buruzko aholkularitza…
Bestalde, sektore-espezializaziorako aholkularitza zerbitzua ere eman da, trebetasun komertzialei, sektore digitalari edo merkataritza-sektoreari buruzkoa, eta programa espezifiko bat eskaintzen du Bilbon saltoki bat ezarri nahi duten ekintzaileentzat; horren bidez, doako laguntza eskaintzen da digitalizazioan, omnikanalitatean, erabiltzaileen esperientzian, kudeaketa komertzialean, salmenta-puntuan edo lokalaren egokitzapenean, besteak beste.
Ildo horretatik, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, merkataritza-arloko ekintzaileek jaso ditzaketen dirulaguntzak ere eskaintzen ditu:
Alde batetik, negozio berrien ezarpenerako laguntzak daude, Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko lokalen alokairuaren % 50eko itzuli beharrik gabeko dirulaguntza jasotzen dutenak, merkataritza-dentsitate txikiko eremuetan, non ekitea konplexuagoa den. Orain arte, 21 saltokik jaso dute, baina 2024-2025 aldirako deialdiak zabalik jarraitzen du.
Lokalen itxura hobetzeko laguntzei dagokienez, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako 25 lokal komertzialek beheko solairuko lokal komertzialen fatxadak, erakusleihoak eta sarbideak hobetzeko, egokitzeko eta/edo modernizatzeko obretarako laguntzak baliatu dituzte momentuz, 2024-2025 deialdiak zabalik jarraitzen baitu. Gainera, aipatutako eremuetako hamar pertsiana komertzialek merkataritza-erabilerarako hutsik dauden lonjetako pertsianen dekorazio artistikorako laguntzak jaso dituzte.
Era berean, kontrataziorako laguntzak ere eskuragarri daude hirian negozio berriak abian jartzen dituzten ekintzaileentzat, laguntza ekonomikoa ematen baitute Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeen kontratazioa errazteko.
BILBO EKINEAN XXI. GALA
Bilboko Udalak, urtero bezala, XXI. Bilbo Ekinean Gala egingo du datorren astelehenean, martxoaren 10ean, hiriko ekintzaileak aintzatesteko ekitaldia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru dela. Azkuna Zentroko entzunaretoan egingo da ekitaldia 20:00etan, eta bertan bilduko dira Bilbao Ekintza udal-sozietatearen Ekintzailetza Zentroaren laguntzarekin Bilbon sortutako 204 enpresa eta negozioen ordezkariak. Alkateak Bilboko Baldosa emango die ekintzaileei, haien ekintzailetza-lana, hiriaren garapen ekonomikoarekin duten konpromisoa eta enplegua sortzeko duten bultzada eskertzeko.
Lanok egiteko 1.070.562,30 euroko inbertsioa egin da eta hamar hilabeteko exekuzio-epea izan dute. Bilboko Udalak…
“Guztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar” lelopean, beren esperientzia, jakintza eta errealitateetatik zeinek bere espazioan…
Lanen kostua 154.275 €-koa da (BEZa barne) Datorren astelehenean, martxoak 10, hasiko dira San Rokeko…
Jarduketa osoaren zenbatekoa 197.859 euro da, eta finantza-laguntza jaso du (34.137 €) Europar Batasuneko Next Generation…
Hilabeteko batez besteko tenperaturek 2,5 ºC-ko anomalia positiboa izan dute 1991-2020 aldi normalarekin alderatuta Mende honetako…
Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza-eskariak gorakada handia izan du azken urtean, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken datuen…