Basauri, bi ikertu mediku-errezetak faltsutzeagatik

Ertzaintzako agenteek eginbideak ireki zizkieten atzo, ikertu gisa, 29 eta 24 urteko bi gizoni dokumentu-faltsutzearen delitua leporatuta, Basauriko farmazia batean manipulatutako errezeta batekin botikak erosten saiatu ostean. Kodeina zuten antzeko beste botika batzuen zortzi kaxa konfiskatu zizkieten.

Atzo arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Basauriko farmazia baten arduradunak Ertzaintzari jakitera eman zion farmazian zegoen gazte batek botika bat eskuratu nahi zuela eta, horretarako, ustez faltsututa zegoen errezeta bat aurkezten zuela.

Herritarren babeserako patruila bat berehala bertaratu zen, eta errezeta elektroniko bat zela eta faltsua zela egiaztatu zuen. Farmazialariak agente jarduleei aipatu zien alerta bat jaso zutela, azken egunetan, Bizkaiko farmazietan, kasu honetan bezala, kodeina zuten botikak erosteko antzeko dokumentuak erabiltzen ari zirela esanez.

Susmagarriari zegokion dokumentazioa eskatzean, hau kanpoan aparkatuta zegoen ibilgailu batera joan zen, adierazi zuzenez, ibilgailuan utzi baitzuen, eta haren ondoan beste gazte bat zuen zain. Bi gazteak identifikatu egin zituzten, eta lagunari antzeko botiken beste zortzi kaxa aurkitu zizkioten, horiek ere ustez legez kanpo eskuratutakoak, eta konfiskatu egin zizkioten.

Egitate horien aurrean, biei eginbideak ireki zizkieten, ikertu gisa, dokumentu publikoa faltsutzearen delitua leporatuta.