Maiatzaren 15etik 25era egingo da eta 11 enbaxadore izango ditu ekimena hauspotu eta parte hartzea sustatzeko
Donostiako Euskaraldia eta hamaikakoa aurkeztu dira Tabakaleran hiriko 75 bat eragileren parte hartzearekin ( Kultura, euskalgintza, kirola, enpresa munduko ordezkariak eta abar). Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko ekimen sozialaren laugarren edizioa, maiatzaren 15etik 25era egingo dena, aurkeztu dute antolatzaileek.
Donostiako Euskaraldiak 11 enbaxadore izango ditu ekimena hauspotu eta herritarren parte hartzea sustatzeko. Ekitaldian izan dira hamaikakoa osatzen duten kideak:
Hamaika lagun horiek denetariko erronkak hartu dituzte Euskaraldirako:
Batzuk ahobizi rola hartuko dute eta beste batzuk belarriprest-ena. Ahobiziek ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete. Lehen hitza beti euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz jarraituko dute. Belarriprestak, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira eta gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko diete. Belarriprestek ez dute beti euskaraz egingo, aldiro erabakiko dute, baina beraiei euskaraz egitea nahi dute.
Hiriko sektore eta gizarteko eragileei beraien hamaikakoak sortzeko deia egin zaie, hamaikakoak osatzea euskarazko harremanak eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bide eraginkorra izan baitaiteke.
Maiatzaren 15ean abiatuko den Euskaraldian parte hartu ahal izateko izena ematea ezinbestekoa izango da.
Izen ematea martxoaren 15ean zabalduko da eta euskaraldia.eus webgunean egin behar da.
Hala ere, apirilaren erdialdetik aurrera Bageran, Udaleko Euskara Zerbitzuan eta hiriko kultur etxeetan izena emateko eskuorriak eta kutxatxo batzuk jarriko dira izena on line emateko zailtasunak dituztenentzat. Era berean, apirilaren erdialdetik aurrera, izena eman dutenek parte hartzeko txapa jaso ahal izango dute aipatu guneetan.
Euskaraldian euskara jakin edo ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete.
Donostiako Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira antolatzen Donostiako Euskaraldia. Eneko Goia alkateak Euskaraldia aukera gisa ikusten du “hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko”, eta gogoratu du erronka handiak ditugula aurrera begira. “Gizartea etengabe aldatzen ari da: migrazioa, euskal hiztunen ezaugarriak eta abar. Beraz, jendea euskalduntzen jarraitu behar dugu eta hizkuntza erabiltzeko guneak bermatu behar ditugu: aisialdian, lan eremuan eta abar”.
Amets Ibero Bagera elkartearen ordezkariak azaldu du gizartea aktibatzea ezinbestekoa dela. “euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro. 2018ko Euskaraldian (lehenengoan) argi ikusi zen berrikuntzak eta ilusioa izan zirela jendearen parte hartzearen giltza eta hori lortu nahi dugu, elkar mugituz egingo dugu”.
Bi ordezkariek azpimarratu dute Tabakaleran bildutako eragileen aurrean elkarlana dela gakoa eta Donostiako enpresak, entitateak eta eragileak Euskaraldia sustatzera animatu dituzte.
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu sozial hau Euskal Herri osoan antolatzen da. 11 egunez antolatzen den ariketa izan arren, ariketaren eragina ez da egun horietara mugatzen eta hizkuntz portaeretan zein erabileran eragina duela ikusi da aurreko edizioetan. Hori dela eta, parte hartze masiboa izateko helburuarekin ariketa udaberrian egitea erabaki da, eguraldi hobea izaten delako, kalean jende gehiago ibiltzen delako eta harremanetarako zein hitz egiteko aukera gehiago egongo delako.
Aurtengo Euskaraldiaren leloak dioenari jarraituz, elkar mugituz egingo dugu!
2025/03/07-an argitaratua
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko goizeko txandako profesionalen %2,01ek gaur langile fakultatiboentzat deitutako greba jarraitu dute. Kudeaketa-arloei…
14 diziplinetatik 8tan mantentzen du bere ordezkaritza, eta guztira bederatzi emakumezko talde daude euren modalitateetako…
blue sky background with white clouds Otsaila Nafarroan oso hilabete beroa izan da, otsaileko serie…
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, aurten 317.138.631 euro bideratuko ditu…
Tuterako Herritarrei Arreta emateko Bulegoak, 2024an, Administrazioarekin 30.000 zerbitzu eta izapide baino gehiago eskaini dizkie…
Nafarroako Gobernuaren SOS Nafarroa 112 Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuak, «Larrialdi Handien Modulua» tresnagatik,…