Dispositibo koordinatua izango da eguenean, martxoak 13, Athletic Clubek eta Erromak jokatuko duten Europa Leagueko partidarako

Udaltzainak eta ertzainak egun osoan arduratuko dira zaletuen arteko bakea bermatzeaz.

Eguenerako diseinatutako segurtasun-dispositiboak eragina izango du San Mames inguruko trafiko-fluxuetan. Horregatik, bertoko zaleei zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea gomendatzen zaie.

Bilbok dispositibo zabala jarriko du abian, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek koordinatuta, eguenean San Mamesen jokatuko den Uefa Europa Leagueko final-zortzirenetako itzulerako partida dela eta. Partida 18:45ean hasiko da, eta Athletic eta Erroma izango dira aurrez aurre.

Partida hau, gainera, protokolo eta segurtasun neurri batzuen entsegurako baliagarria izango da, datorren maiatzaren 21ean Bilbon, San Mamesen, jokatuko den txapelketaren final handira begira.

Kaleak ixteko eta hesitzeko dispositiboak aurreratzeko protokoloak izango dira, batez ere.

Hori dela eta, finalaren egunean zelaiaren inguruan instalatuko den perimetroko hesiko zati bat jarri da, egiturak berak eta horren bidezko sarbide-kontrolek zelan funtzionatzen duten egiaztatzeko.

Gainera, egun osoan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa urian zehar ibiliko dira, zaleen arteko bakea bermatzeko eta lanegun bateko ohiko jarduerak partidaren aurreko giroarekin normal egin ahal izateko.

ZIRKULAZIOKO ETENAK ETA HERRITARREN SEGURTASUNA

Diseinatutako segurtasun-dispositiboak batez ere San Mames inguruan izango du eragina, bi taldetako zaleen segurtasuna bermatzeko neurriak zehazteko, bai eta herritar guztiena ere. Horrela, bada, zirkulazioko lehen etenak 15:00etan izango dira, Felipe Serraten eta Luis Briñas kaleetan. Handik gutxira, 15:45ean, Kale Nagusian, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean beste hainbat gune itxiko dituzte.

Tranbiaren zerbitzuan ere eragina izango da eta 16:00ak eta 17:00ak bitartean Euskalduna Jauregiko geralekuraino bakarrik iristea aurreikusten da.

Bertoko zaleei zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea gomendatzen zaie.

Era berean, Europako horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, topagune batean deituko zaie bisitariei, Ertzaintzako agenteek lagunduta San Mamesera elkarrekin joan daitezen. AS Roma zaleentzako meeting pointa Iparragirre kalean egongo da eta 15:45ak aldera zelaira abiatuko direla uste da. Fan march hori dela eta, Luis Briñasen tabernei (Poza Lizentziatuaren eta Felipe Serrateren artean daude) gomendatzen zaie 15:00etatik 17:30era bitarteko terrazetako elementu mugikorrak kentzea. Gomendio hori, terrazak kentzearena, AS Romaren zaleen topagunearen ingurura zabaltzen da.