Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Ihobe sozietate publikoak egindako «Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostena» aurkeztu du gaur eta, bertan islatzen den bezala, aurrerapen esanguratsuak lortu dira airearen kalitatean eta CO2 isurketen murrizketan; aldi berean, oraindik ere badaude gainditu beharreko erronkak uraren kudeaketan edo hondakinen kudeaketan.
«Txosten hau beharrezko ariketa da: neurtu egin behar dugu, aztertu eta erabakiak hartu ahal izateko. Uste dugu, gainera, gardentasun-ariketa bat dela gizartearen aurrean, herritarren artean interes handia pizten duen gai batean, hala nola ingurumenean «, azpimarratu du sailburuordeak.
“Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenak” zortzi ingurumen-gairen bilakaera aztertzen du: klima-aldaketa, uraren kalitatea, airearen kalitatea, lurzoruaren osasuna, biodibertsitatea, ekonomia zirkularra eta hondakinak, ekonomia eta ingurumena, eta herritarrak. Horietako bakoitzean, ingurumen-adierazleen bilakaera aztertzen du, europar erreferentzia-esparruaren baitan, ingurumen-gai bakoitzaren aurrerapena eta, hala badagokio, helbururaino dagoen distantzia ebaluatzeko. Hala, txostenak Euskadiko ingurumenaren oraingo egoeraren argazki bat eskaintzen du.
Klima-aldaketaren alorrean, txostenak adierazten du Euskadik 17 milioi tona CO2 isuri zituela 2023an, hau da, oinarritzat hartutako urtean -2005- baino % 33 gutxiago. Aurrerapen horrek Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren Legeak 2030erako ezarritako helburuaren bidean kokatzen du Euskadi –beraren helburua da isurketa garbiak zero izatea 2050ean-.
Uraren kalitateari dagokionez, Euskadik ez du aurrerapen esanguratsurik erakutsi, 2018az geroztik, 167 ur-masen kalitatean*. 2023an, masa horien % 43 egoera global “onean” zegoen, eta % 57 “ona baino txarragoa” zen egoeran. Ibaietako uraren kalitatearen egonkortasuna etengabeko arreta eskatzen duen alderdi bat da.
Airearen kalitatea nabarmen hobetu da, zeren 2022ko egunen ia % 90ek kalitate «ona» edo «oso ona» izan baitute. Material partikuladunaren (PM10) urteko batez besteko kontzentrazioa % 19 jaitsi da 2012-2022 aldian, eta Europar Zuzentarauak alor horretan ezartzen duen helburuaren azpitik kokatu da.
Lurzoruen osasunari dagokionez, 2000. urteaz geroztik 1.406 hektarea lurzoru berreskuratu dira 156 kokagune kutsatutatik. Lurzoruaren artifizializazioa % 6,8ren inguruan egonkortu da 2016az geroztik, baina lehentasunezko lurzoru industrialen berreskurapenak erronka izaten jarraitzen du.
Biodibertsitateari dagokionez, Euskadik Natura 2000 Sareak babestutako 55 eremu ditu, hau da, guztira 1.659 km2-ko azalera, eskualdearen osoko azalaren % 23ren adinakoa. Nekazaritza-eremuei lotutako hegaztien populazioa % 37 jaitsi da 1998ko datuen aldean. Baso- eta hiri-eremuetako hegaztien populazioak, aldiz, % 103 eta % 19 hazi dira, hurrenez hurren.
Materialen etxeko kontsumo txikiagoa
“Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2024ko txostenak” adierazten du, halaber, sortutako hiri-hondakinak % 4 jaitsi direla 2003az geroztik; hala, 2022an 1.106.000 tonara iritsi dira, horien % 80 etxeko hondakinak izanik. Urte berean, Euskadik 3,6 milioi tona hondakin ez-arriskutsu sortu zituen (arriskutsuak ez diren hondakin industrialak, hiretako ur-araztegietako lohiak, erabilerarik gabeko pneumatikoak eta erabilerarik gabeko ibilgailuak). Hondakin horien % 68 birziklatu edo konpostatzen da, % 3,6 energetikoki balorizatzen da, eta % 28 eliminatu egiten da. Gainera, ikusten da materialen etxeko kontsumoa murriztu egin dela, zeren biztanle bakoitzeko 8 tonaz jaitsi baita 2005. urteaz geroztik.
Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak ezartzen du, helburu nagusi bezala, zabortegira iristen diren hondakinak % 15etik behera murriztea.
Ekonomiaren eta ingurumenaren arteko loturari dagokionez, Euskadik desakoplamendu nabaria du BPGaren eta ingurumen-adierazle nagusien artean, hala nola BEGen isurketak. Nolanahi ere, fiskalitate berdea % 1,5 soilik da Euskadin, EBko batezbestekoaren azpitik egonda, bertan % 2 baita.
Herritarrek ingurumenarekin duten loturari dagokionez, txostenak azpimarratzen du euskal herritar ia guztiek faktore garrantzitsutzat jotzen dutela ingurumena bizi-kalitaterako. Gainera, biztanleriaren % 76 kezkatuta dago klima-aldaketagatik, eta haren aurka borrokatzeko neurrien alde agertzen da.
“Euskadiko Ingurumen-koiunturaren 2024ko txostenak” azpimarratzen ditu Euskadin lortutako aurrerapenak, airearen kalitateari eta isurketen murrizketari dagokienez; aldi beran, baina, etengabeko arreta eskatzen duten arlo batzuk aipatzen ditu, hala nola uraren kudeaketa, lurzoru kutsatuen berreskurapena, hondakinen kudeaketa eta fiskalitate berdea; adierazten du, halaber, herritarren inplikazioa eta politika eraginkorren inplementazioa funtsezkoak izango direla Euskadik aurrera egiten jarrai dezan Europan erreferentziazko eskualdea izateko helbururantz, jasangarritasunari dagokionez.