Eusko Jaurlaritzak Bruselan etxebizitzaren arloko bere agenda komunitarioa emango du ezagutzera

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok agenda trinkoa izango du datorren asteazkenean, hilak 19, eta ostegunean, hilak 20, Bruselan. Bertan, Eskualde Garapeneko Batzordean (REGI) esku hartuko du, Europar Batasuneko organoak agintaldi berriaren hasieran izaten ari diren eztabaidaren esparruan, Europako metropoli-ingurune gehienei eragiten dien etxebizitza-merkatuaren tentsionamendua aztertzeko. Izan ere, Batzorde berriak Etxebizitza eta Energia Komisario bat izendatu du lehen aldiz. Komisario horrek konprometitutako inbertsio-plana gobernatu beharko du, eta, plan hori diseinatzeko, entzuketa-prozesu bat hasi du, hainbat estatu kidetako udaletako eta eskualdeetako arduradunek parte hartuz bertan.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak etxebizitza-arloan azken hamarkadetan egindako ibilbidea azaltzea aurreikusten du, baita bere ereduaren mugarri nagusiak ere: babes ofizialeko etxebizitzen parkearen kalifikazio iraunkorra, alokairuaren aldeko apustu irmoa, eskubide subjektibotik eratorritako prestazio ekonomikoak, bizitegi-parkea birgaitzeko apustu jasangarria, berme publikoa duen alokairuaren bitartekotza eta gune tentsionatuen deklarazioa, alokairu-merkatuan dagokion esku-hartzearekin.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da iragarri berri den Premiazko Neurrien Legearekin egin nahi dituen erreformak azaltzea. Lege horrekin, Itxasok espero du etxebizitza-eskaintza suspertzea eta erabilera turistikoko etxebizitzen ugaritzea mugatzea, besteak beste.

Halaber, sailburuak bilera bana egingo du Europako Batzordeko lehen presidenteorde eta Trantsizio Garbi, Bidezko eta Lehiakorrerako komisario Teresa Riberarekin (ostegunean, hilak 20, 08:30etik 09:30era), eta Europako Batzordeko Energiaren zuzendari nagusi eta Etxebizitza lantaldeko burua den Matthew Baldwinekin, Etxebizitza eta Energiako Europako komisario berria buru duen Saileko goi-arduraduna (asteazkenean, hilak 19, 13:00etatik 14:30era). Bilera horien helburua da ahalik eta informazio gehien biltzea bizitegi-azpiegiturak finantzatzeko mekanismoen inguruan, lankidetza publiko-pribatuko ereduak abian jartzearen testuinguruan, arlo horretako finantza-gaitasunak handitzen laguntzeko, Sailburuaren hitzetan, «administrazioek, beren kabuz, ezin izango dutelako gastu izugarri hori ordaindu».

Eusko Jaurlaritza Etxebizitzaren eta Hiri Agendaren arloko Europako agenda hori prestatzen ari da azken asteotan, eta horri garrantzi handia ematen dio, Imanol Pradales lehendakariak Europar Batasuneko erakundeetan egin berri dituen bileren ondoren. Eusko Jaurlaritzak Europako Inbertsio Bankuarekin elkarrizketak hasteko aukera izan du; prozesu horretan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila eta Ogasun eta Finantza Saila elkarlanean ari dira.

Egin bat gure WhatsApp taldearekin Sailaren gaurkotasun osoa jarraitzeko: 

https://chat.whatsapp.com/LX2pmB9NsWFAC7P3IpE3aq