Eusko Jaurlaritzak euskal komunitatearentzako laguntzak jarriko ditu abian Bahia Blancan

Ander Caballero: «Bahia Blancako euskal komunitatearekin harremanetan gaude eta behar den guztian laguntzeko prest»

Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritzaren bitartez, laguntzak aktibatuko ditu Bahia Blancak Buenos Aires probintzian jasan duen denboralearen ondorioz euskal komunitateak izan ditzakeen berehalako beharrei erantzuteko.

Intentsitate handiko denborale batek Bahia Blanca hiria astindu zuen martxoaren 6an eta ondorengo egunetan eta, horren ondorioz, ehunka familia ebakuatu behar izan zituzten. Euskadiren Argentina eta Uruguaiko Ordezkaritzaren bidez lehen kontaktuak izan ondoren, euskal komunitatean izango duen eragina zehatz-mehatz ezagutzeko urratsak ematen ari dira. Kalteak aztertu eta gero, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak eta Euskadi Globalak zonaldeko euskal komunitatearen beharrei erantzuteko laguntzak aktibatuko dituzte Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxearen bitartez.

«Egoera honen hasieratik Bahia Blancako euskal komunitatearekin harremanetan egon gara, eta prest gaude behar den guztian laguntzeko, kalteen norainokoaren zain», esan du Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak. «Euskaldunok beti eskaini diogu elkarri laguntza momento zailetan. Egoera txarretan ere, Euskadiren eta diasporaren arteko loturak indartzen ditugu», gaineratu du.