2024ean Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateek ETEKIN Ekonomia Topaketen zikloa jarri zuten abian. Topaketa hauen bidez, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzeko helburua bilatu nahi izan zen. Ekimen honek Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria.
Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordeak, adierazi duenez, “euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzea ezinbestekoa izango da”: “Topaketa hauen helburua gaur egungo ekonomia eta finantza gaiak euskaraz jorratzea da, lan arloan eta sektore teknikoagoetan ere, euskaraz normaltasunez lan egin daitekeela ikustarazteko eta, gainera, enpresetan eta erakundeetan langileek horren aldeko hautua egitea sustatzeko. Horretaz gain, topaketetan parte hartzen zuten entitate eta eragileen arteko harremanak eta sareak sendotzea ere nahi genuen, euskara ardatz. Bertaratutako sektoreko profesionalek balorazio ona egin zuten lehen zikloko formatuaren eta landutako gaien inguruan eta, beraz, aurten ere beste ziklo bat antolatuko dugu, egitasmoari jarraipena emateko”.
Zentzu honetan, finantza entitateekin ziklo hauek antolatzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Bengoetxeak: “Finantza entitateen konpromisoa balorean jarri nahi dut egitasmo honen antolakuntzan. Beraien jardunean, ekonomia eta finantza gaiak euskaraz normaltasunez lantzeko hautua egin dute, bai barrura begira eta baita kanpora ere. Lankidetza da egitasmo honen oinarria, sareak sendotzeko eta euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko, baita lehiakideen artean ere”.
Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio eta Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatu dute ETEKIN topaketen bigarren edizioa. Aurten ere, zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu: Donostia, martxoaren 26an; Gasteiz, ekainaren 18an; eta Bilbo urriaren 22an (hiru kasuetan goizeko 9etatik 10:30ak arte). Saio bakoitzean, ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gaurkotasunezko gaiak jorratuko dira sektoreko adituekin.
Lehenengo saioa, Talentua Erakartzeko Gakoak
Donostiako Aquariumean izango da urteko lehenengo topaketa martxoaren 26an. Andrés Arizkorretak (CAF), Lander Belokik (Mondragon Unibertsitatea) eta Ane Insaustik (Gipuzkoako Foru Aldundia) hartuko dute parte solasaldian. Talentua erakartzeko gakoak izango dira hizketagai eta lau arlo jorratuko dira: talentua erakartzeko beharra; atzerriko ereduen azterketa; EAEn dauden programa eta baliabideen azalpena, eta atzerritarrak prestatzeko bultzatzen diren ekimenak.
Hizlariek gaiaren inguruko hiru ikuspegi eskainiko dituzte. Andrés Arizkorretak enpresa perspektiba eskainiko du, eta talentuaren inguruko enpresen beharrez eta Europako beste herrialdeetan martxan dauden esperientziez eta programez jardungo da; Lander Belokik unibertsitatearen ikuspegitik hartuko du parte solasaldian eta, besteak beste, Mondragon Unibertsitatea formakuntza arloan zer egiten ari den azalduko du; Ane Insaustik, azkenik, erakunde publikoen ikuspegia eskainiko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua erakartzeko zer nolako programak abian dituen azalduko du, bai enpresa eta bai hezkuntza arlora bideratutakoak.
Solasaldiak mahai inguru formatua izango du, ekonomia eta finantza arloan talentuaren aferari buruzko hausnarketa ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin. Saioa euskaraz izango da, baina aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. Izena emateko epea zabalik dago eta etekintopaketak.eus webgunearen bidez har daiteke parte.