Jaurlaritzak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren itzulpen, interpretazio eta terminologia zerbitzua aurkeztu du Australian

  • Melbourneko RMIT unibertsitateak hizkuntza gutxituei buruz antolatutako biltzarrean parte hartu dute IVAPeko teknikariek
  • Eusko Jaurlaritzak administrazioan eta administraziotik kanpo euskararen erabilera sustatzeko dituen tresnen berri eman du hainbat mintegitan

Melbourneko unibertsitateak Eusko Jaurlaritza gonbidatu du unibertsitatearen itzulpen- eta interpretazio-programaren 50. urteurrena dela-eta, hizkuntza gutxituei buruz antolatu duen kongresura, Hegoaldeko Gales Berriko Gobernuaren enkarguz unibertsitatea bera garatzen ari den proiektu baten esparruan. Proiektu horren baitan, Eusko Jaurlaritza hautatu dute «gobernantza-ereduan hizkuntza gutxitu eta ofizial bat, euskara, erabiltzea bermatzen duen administrazio» gisa.

Euskadi erreferente bere itzulpen-zerbitzu publikoagatik

Euskara Eusko Jaurlaritzaren gobernantza-ereduaren funtsezko zutabeetako bat da, eta horregatik du erakunde autonomo bat, IVAP, gobernu-egituraren barruan, langile propioekin, itzulpen-, interpretazio- eta terminologia-zerbitzurako, administrazioan euskararen erabilera sustatzeko eta herritarrei Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan kalitatezko zerbitzua bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren sistemak Australiako Gobernuaren interesa piztu du, administrazioaren esparruan hizkuntza gutxitu eta ofiziala barneratuta izateagatik. Izan ere, Australian ez baitute berezko itzulpen- eta interpretazio-zerbitzurik. Horregatik, 2023ko abenduan, Australiako Gobernuko ordezkariek Euskadi bisitatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren itzulpengintza, interpretazio eta terminologia zerbitzu publikoa bertatik bertara ezagutzeko.

Melbourneko RMIT Unibertsitateak ere interesa agertu du Eusko Jaurlaritzaren itzulpengintza, interpretazio eta terminologia zerbitzuaren inguruan, eta horregatik, gonbidatu dute Euskadi unibertsitateak hizkuntza gutxituei buruz antolatu duen kongresura.

Martxoaren 20an eta 21ean, IVAPeko teknikariek euskarari lotutako Jaurlaritzaren gobernantza-eredua azalduko dute. IVAPek egiten duen lana eta Eusko Jaurlaritzak dituen tresnak zehatz-mehatz azalduko dituzte, besteak beste: Elebide, Idazlagun, Euskalterm, itzulpen juridiko-administratiboa edo itzultzaile neuronala.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak modu telematikoan parte hartuko du kongresuan. Eta bi eguneko jardunaldien ondotik, IVAPeko teknikariek interpretazio-teknikei buruzko ikastaro bat emango dute Perthen, Western Australia Aboriginal Interpreting Service-rako.