Ertzaintzako agenteek 17 urteko adingabe bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Elgoibarren, pertsona bati mehatxu gisa esan ondoren diru-kopuru esanguratsu bat ematen ez bazion bere irudi intimoak zabalduko zituela.
Adingabea atzo arratsaldean atxilotu zuten Elgoibarren, Gipuzkoan, sextortsio-delitu bat jasaten ari zen partikular batek jarritako salaketaren ondoren. Kasu honetan, biktimak kontaktu-plataforma baten bidez izan zuen harremana estortsiogilearekin, eta argazki intimoak trukatu ondoren, koakzioak jasotzen hasi zen. Delitugileak bi mila euro lortu nahi zituen biktimak bidalitako irudi konprometigarri batzuk sare sozialen bidez ez zabaltzearen truke.
Kasu honetan, koakzioa jasan zuen pertsonak Ertzaintzari jakinarazi zion pertsona batek xantaia egin nahi ziola. Egoeraren berri izan zutenean, kasuaz arduratu ziren agenteek zaintza-dispositibo bat ezarri zuten, eta biktimaren dirua hitzartutako lekuan lehen aldiz jaso behar zuen unean atxilotu ahal izan zuten estortsiogilea.
Ertzain-etxean polizia-eginbideak amaitutakoan, adingabea Adingabeen Fiskaltzaren esku jarriko dute.
Ertzaintzaren gomendioak
Era honetako delituetan gertatu ohi da lehenengo ordainketa egin ondoren, delitugileak behin eta berriz eskatzen duela diru gehiago, eta estortsioa jasaten duen pertsonak ordaindu egiten du irudiak argitara ez daitezen. Salaketa jarri ohi da biktimak etsipenez egiaztatzen duenean xantaia inoiz ez dela amaituko. Hori dela eta, Ertzaintzak gomendio hauek ematen ditu:
Horrelako egoera baten biktima izanez gero, egokiena da ordaindu aurretik salatzea.
- Ez zaio bidali behar irudi intimorik inori, ezta lagunei eta ezagunei ere, sare sozialen bidez. Gaur laguna edo ezaguna denak, bihar egoera konprometitu batera eraman zaitzake.
- Pribatutasuna mantentzea asko kostatzen da, eta “klik” batean gal daiteke.
Sare sozialen bidez bidaltzen diren argazkiak edonork ikus ditzake lehenago edo geroago.