Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek Eskualdeko Plan Estrategikoaren ardatzak eta jarduera-planak aurkeztu dituzte. Planaren helburua inguru horretako ekonomia eta gizartea biziberritzea da.
Hiru erakundeek atzo eman zieten Eibar, Deba, Elgoibar, Solaruze, Mutriku, Mendaro, Ermua eta Mallabiko alkateei planaren behin betiko aurrekontu-egutegiaren berri. Plana zortzi udalen eta inguruko eragile ekonomiko, sozial eta enpresarialen kontrastetik eta ekarpenetatik abiatuta egin da.
Helburuak eta ildo estrategikoak
Eskualdeko Plan Estrategikoak ikuspegi integral, instituzional eta parte-hartzailea kontuan izan du eta funtsezko sektoreetan trakzio-proiektuak bultzatzea du helburu. Ahalmen eraldatzaile handia eta inbertsioa erakartzeko gaitasun handia duten proiektuei eman zaie lehentasuna. Gainera, jarduerak definitzeko orduan jasangarritasuna, bideragarritasun ekonomikoa eta Euskadiko espezializazio-estrategia izan dira izpide.
Planaren ardatz nagusiak:
- Industriaren modernizazioa eta lurzorua eta industria-eraikinak berreskuratzea: hobekuntzak industrialdeetan, hala nola Urtian, Goitondon (Mallabia) eta Mijoan (Mutriku), bai eta funtsezko industria-eremuetarako irisgarritasuna ere, hala nola Azitain (Eibar) eta Matxaria (Eibar). Ermuko Izarra Centerreko IOT eta Adimen Artifiziala laborategia ere sustatuko da, eta aurten bertan amaitu da Itziar-Deba poligonoko irisgarritasunaren hobekuntza.
- Dibertsifikazio ekonomikoa turismo- eta merkataritza-sektorean: «Made in Eibar» turismo-bulegoa eta Errebal merkatuaren dinamizazioa bezalako proiektuak.
- Kultura-sektorea sustatzea: kultura-ekipamendu berriak sortzea eta Eibarko Armagintzaren Museoa eta Debako eskualdeko kultura-ekipamendu bat berritzea.
- Enplegua eta lanbide-heziketa bultzatzea: Armeria Eskolako Teknologia Robotiko eta Adimendunen Erreferentzia Zentroa, IMH Campusaren garapena Elgoibarren eta hobekuntzak Mutrikuko Kardala Lanbide Heziketako Zentroan.
- Hiri-berroneratzea eta gizarte-babesa: hiri-espazioak eraldatzea, hala nola Soraluzeko Olaldea eta Ermuko merkatu-plaza. Gainera, Usetxe plaza berreskuratzea eta Eibarko Larrañaga eta Elorza eraikina birgaitzea. Era berean, gizarte-zerbitzuetako ekipamendu berri bat eraikiko da Elgoibarren.
- Jasangarritasuna eta mugikortasuna: Mutriku-Deba estuarioko ingurumena berreskuratzea, Elgoibarren Urruzunoko igogailua jartzea, GI-3821 Mendarora sartzeko zubia hobetzea eta Elgoibarko Arriaga industrialdearen lotunea hobetzea. Bizkaian, IHPn sartuta, Ermuko mendebaldeko saihesbidea, Mallabiko BI-2301 errepidearen elkarguneen berrantolaketa eta Gipuzkoarekin lotzen den bidegorria bultzatuko dira.
Inbertsioa eta gauzatzeko epeak
Eskualdeko Plan Estrategikoak asmo handiko inbertsio publikoa aurreikusten du. 2030era bitartean, 130 milioi euro baino gehiago bideratuko dira aipatutako proiektuak gauzatzeko. Jarduketa bakoitza ebaluatu egin da, bideragarria dela eta eskualdeko garapen sozioekonomikoan eragin positiboa duela bermatzeko.