Hamahiru atxilotu eta zazpi ikertu Bizkaian egindako droga-trafikoaren aurkako operazio batean

Azken egunotan, Ertzaintzak Bizkaian droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegiteko operatibo bat gauzatu du. Guztira 13 pertsona atxilotu dituzte Bizkaiko hainbat herritan, eta beste zazpiri eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa egitate berberengatik. Gainera, hainbat etxe eta pabiloitan sartu eta miaketa egin dute, eta 100 kilo droga, eskudirua eta ibilgailuak konfiskatu dituzte, bai eta substantzia sorgorgarriak prestatzeko, banatzeko eta saltzeko beharrezkoak diren beste elementu batzuk ere. Sei atxilotu espetxeratu egin dituzte.

Sestaoko Ertzain-etxeko Droga Taldeak, Bilboko Ertzain-etxeko Droga Taldearen laguntzaz, ikerketa bat hasi zuen 2024ko irailean, Ezkerraldean finkatuta zegoen talde bat substantzia sorgorgarrien trafikoan aritzen zela jakin ondoren.

Lehenik eta behin, gizon bat eta emakume bat identifikatu zituzten talde kriminal horretako buru gisa. Biek droga saltzen eta banatzen zuten, eta beste trafikatzaile txiki batzuei ematen zieten. Sortu zuten egituran hainbat pertsona zituzten substantziak gorde eta banatzeko.

Ikerketa nekezen ondoren, talde kriminalari droga hornitzen ziotenak eta droga ezkutatzen zuten lekua aurkitu zituzten, eta in fraganti harrapatu zituzten drogaz hornitzeko bidaietako batean. Horrela, martxoaren 18an, asteartean, Bilbon, garaje batera sartzera zihoazenean, elkarrekin zihoazen bi autotako gidariak atxilotu zituzten. Autoetako batek droga zeraman horretarako prestatutako ezkutaleku batean, eta bestea lantzadera bat zen. Ibilgailuak miatzean, 20 kilo kokaina aurkitu zituzten. Haiekin jarduten zuen hirugarren gizon bat ere atxilotu zuten.

Ostegunean, martxoaren 20an, Ortuellako, Valle de Trápaga-Trapagarango, Barakaldoko eta Bilboko hainbat etxe eta industria-pabiloitan sartu eta miaketa egin zuten, eta talde kriminaleko kideak ziren zortzi pertsona atxilotu zituzten, horien artean buru gisa jarduten zuten gizona eta emakumea, eta eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa beste pertsona bati.

Sarrera eta miaketa horietan Ertzaintzako Txakur Unitateak, Zaintza eta Erreskate Unitateko Droneen Atalak eta Esku-hartze Unitateak ere parte hartu zuten, eta parte hartu zuten agenteek 26 kilo kokaina, 27 kilo anfetamina, 140 bat kilo anfetamina egiteko 35 litro olio, 29 kilo MDMA, 23 kilo haxix, 6 kilo marihuana, 250 gramo kokaina arrosa edo “tusi”, eskudirutan 37.500 euro, dirua zenbatzeko makinak, hutsean ontziratzeko makinak, baskulak, material teknologikoa, gama altuko erlojuak eta pistola simulatu bat konfiskatu ahal izan zituzten. Horrez gainera, 11 ibilgailu ere atzeman dituzte. Horietako batzuek ezkutalekuak edo “kaletak” zituzten, garraiatzen zuten droga ezkutatzeko.

Martxoaren 24an eta 25ean, ikertzaileek talde kriminal horretako beste bi gizon atxilotu zituzten eta beste seiri eginbideak ireki zizkieten ikertu gisa. Guztira, beraz, 23 urtetik 50 urtera bitarteko hamahiru pertsona, hamaika gizon eta bi emakume, atxilotu dituzte eta zazpi ikertu dituzte. 

Atxilotu guztiak ikerketan eskumena duen Barakaldoko Instrukzio Epaitegi baten eskuetan jarri dituzte, eta horietako sei espetxeratzeko agindua eman du.

Jaitsi Argazkia

Jaitsi Argazkia

Jaitsi argazkia