Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko 10 udalek ekonomia, enplegua eta jasangarritasuna sustatzeko proiektuekiko konpromisoa indartu dute
Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdeko plan estrategikoaren aurrerapena izan da gaur BIC Bizkaia Ezkerraldean egindako bileran jorratu den gai nagusia. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta eskualdeko 10 udaletako ordezkariek abian dauden jarduketen eragina aztertu eta lurraldea eraldatzeko hartu duten konpromisoa berretsi dute. Abian jarri zenetik, planak 204 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu, eta aurrekontuaren % 97 erabili da; hala, sustatu egin dira ekonomia suspertzeko, hiriguneak berroneratzeko, garraio jasangarria ezartzeko, eta industria-ondarearen balioa nabarmentzeko proiektu estrategikoak.
Planaren oinarrietako bat Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoa garatzea eta Energy Intelligence Center (EIC) zentroa abian jartzea da; izan ere, bi jarduketa horiek gauzatzeko, 75 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da. Berrikuntzan oinarritutako ekosistema horrek punta-puntako enpresak barne hartzen ditu jada, hala nola Petronor Innovación, Edinor, Tubacex, Tubos Reunidos, Ampo, Vicinay eta Bureau Veritas. Enpresa horiek hidrogenoan eta erregai berriztagarrietan oinarritutako teknologia eta industria garatuko dituzte. Era berean, María Telkes eraikina eraikitzeko prozesua amaitzear dago, eta, bertan, Hidrogenoaren Living Lab delakoa eta trantsizio energetikoarekin bat datozen eta garabidean dauden proiektuak dituzten enpresak kokatuko dira. Gainera, aurrera egin da elikagaien industrian espezializatutako campusa –Ortuellan kokatuko dena– planifikatzeko prozesuan, eta, horri esker, balio erantsi handiko sektoreen aldeko apustua sendotu da.
«Osasun Poloa» (Polo de Salud y Tecnologías Médicas) ere garrantzi handiko mugarria da dibertsifikazio ekonomikoaren estrategiari dagokionez. Sestaok 8 solairu eta 13.500 m2-ko eraikin bat eraikitzeko prozesuan aurrera egiten du. Proiektuak 10 milioi euroko aurrekontua du, eta, bertan, gailu medikoak baliozkotzeko eta egiaztatzeko sistemetan (3D goi-puntako teknologian, adimen artifizialean eta osasun-datuen kudeaketan oinarritutakoak) adituak diren enpresak egongo dira. Bitartean, Euskadiko Osasun Klusterrarekiko lankidetzari esker, zentroa kudeatzeko eredua eta bertan egon beharreko tresneria zehaztu daitezke.
Planaren funtsezko beste ardatz bat lurzoru kutsatuak berreskuratzea da; beraz, 60 milioi euro inbertitu dira narriatutako industria-espazioak garapen-aukera berri bihurtzeko. Burtzeñan, lehen berroneratze-faseak abian jarri dira Astilleros eta Zentral Termikoko lursailetan; eta Etxeuli (Santurtzi), Playa Barri eta Sakoni (Erandio) lursailetan, berriz, aurrera egin da lurrak eskuratzeko eta saneatzeko lanetan. Gainera, Trapagarango Navacel eraikina eta Babcock jantoki historikoak birgaitzeak industria-ondarea berreskuratzeko prozesuan aurrera egitea esan nahi du.
Auzo kalteberetan burututako jarduketa integralak bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa islatzen du; izan ere, 332 etxebizitza (Abanto-Zierbenan, Portugaleten, Santurtzin eta Trapagaranen) izan dira jarduketa horren onuradun.
Bestalde, EtxeTIC Zentroa jarri da abian Sestaon. Zentro horrek gizarte-zerbitzu berritzaileak eskaintzen ditu, eta egoitzak bizikidetza-unitate bihurtzeko lan egin da egoitza-proiektu berri baten esparruan, adinekoek jasotzen duten arreta optimizatuz.
Garraio jasangarriaren aldeko apustua ere funtsezkoa izan da, eta hala islatzen dute bizikleta bidezko garraioa erraztea helburu duten ekimenetan egindako inbertsioek. Bizkai Bizi, Bizipuntu, Bizipark eta antzeko programek bizikleten alokairua eta aparkaleku seguruak sustatu dituzte, eta eskualdea bizikletaz lotzeko Barakaldoko eta Santurtziko bidegorri berriek bizikletaz garraiatzeko aukerak areagotu dituzte. Era berean, jarduketak egin dira Gurutzetako Ospitalera ailegatzeko sarbideetan, eta aurrera egin da Barakaldoko zubi mugikorrarekiko loturan, hiri-mugikortasuna hobetzeko helburuarekin.
Azkenik, industria-ondarearen eta itsasadarraren balioa nabarmentzeko jarduketek 11 milioi euroko inbertsioa jaso dute; hala, jarduketak egin dira Sestaoko Labe Garaia, Orconera Industria-ondarearen Zentroa eta Pobaleko Burdinola –besteak beste– izeneko gune ospetsuetan. Agurtza atunontzia eta Itsaslur eta Burdin Mendien bide berdeak –besteak beste– birgaitu egin dira ere, eskualdea turismo industrialari lotutako helmuga gisa finkatzen lagunduz.
Erakundeek uste dute proiektu horiek sustatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, eta, gainera, egiteke dauden jarduketak gauzatzeko konpromisoa berretsi dute, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeen eraldaketak behar bezala aurrera egiten jarraituko duela bermatuz.
25_0227 Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Jaizkibel mendian istripua izan duen mendizale bat erreskatatu dute Euskadiko Larrialdietako…
Ertzaintzak egin duen ikerketa batek agerian utzi du gama altuko telefono mugikor faltsuen salmentarekin egindako…
Ertzainek 47 eta 20 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo, astelehena, arratsaldean, Zestoan, indarra erabiliz…
Nafarroako Gobernuak Iruñeko Taxoare kaleko 18. zenbakian egongo den Eraikuntza eta Arkitekturari Aplikatutako Industrializazio eta…
Lurralde Kohesirako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Elizondoko zubi berriaren obrak lizitatu…
Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur, apirilak 1, asteartea, argitaratu du Hezkuntza Departamentuaren ebazpena, Nafarroako hainbat udal…