Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak DemoSATH bisitatu du, Estatuko lehen itsas aerosorgailu flotatzailea. Armintzako (Bizkaia) kostaldearen parean dago, eta 2 MWeko potentzia du, hau da, 2.500 etxetarako energia sortzeko gai da. DemoSATH baterako proiektu pilotu bat da, eta proiektu horretan parte hartzen dute Euskadiko Saitec taldeak, Alemaniako RWE energetikoak eta The Kansai Electric Power Co Japoniako lider elektrikoak.
Bermeoko portuan, harrera egin diote sailburuari Javier Urgoiti Saitec taldeko CEOak, David Carrascosa Saitec Offshore Technologies-eko operazio-zuzendariak eta Jesús López-Tafall DemoSATH proiektuaren zuzendariak. Haiekin izan da, halaber, Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea.
Itsas aerosorgailu flotatzailea kostaldetik 2 miliatara dago, BiMEP itsas energien saiakuntza-plataformaren barruan. Itsaso zabalean dagoen proba-eremu bat da, sarerako konexioa duena eta olatuen energia-bihurgailuak eta plataforma eoliko flotatzaileak erakusteko eta baliozkotzeko funtzioa betetzen duena. Eremuak olatuen eta haizearen aldetik baldintza ezin hobeak ditu, 50-90 metro arteko sakonera du, eta, portutik gertu egonik, azkar iristen da bertara. BiMEP ekimen publikoa da, Energiaren Euskal Erakundeak % 75eko partaidetza du eta bazkide nagusia da; gainerako % 25a IDAE – Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren esku dago.
DemoSATH proiektua energia eoliko flotatzailearen arloko mugarria da mundu osoan; izan ere, itsaso zabalean 1 MW baino gehiagoko turbina bat instalatu duen Europako bosgarren teknologia flotatzailea da, eta garapen maila horretara iritsi den hormigoizko hirugarren teknologia. Aerosorgailuak 70 metroko altuera du, haren palak 40 metro luze dira, eta 85 metroko sakoneran ainguratuta dago itsas hondoan. Proiektua aurrerapauso handia da itsasoko teknologia eoliko flotatzaileak elektrizitatea modu efizientean eta fidagarrian sortzeko duen ahalmena egiaztatzeko. Proiektuak EEE – Energiaren Euskal Erakundearen laguntza izan du, itsas energiak garatzeko laguntza-programaren bidez.
Saitec 1988an sortutako euskal ingeniaritzako enpresa bat da, aholkularitza-zerbitzuak egiten dituena, eta bokazio berritzaile sendoa eta garapen jasangarriarekiko eta ingurumenarekiko konpromiso irmoa duena. 2016an, energia eoliko flotatzailerako soluzio berritzaileak eskaintzen dituen Saitec Offshore Technologies spin-offa eratu zen, energia-eredu jasangarri eta lehiakorrerako trantsizioa bultzatzeko helburuarekin.
Aerosorgailura egindako bisitan, Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, «DemoSATH proiektua mugarri garrantzitsua da ‘made in Euskadi’ teknologiaren garapenean, batik bat trantsizio energetikoan aurrera egitera begira. Euskadik energia berriztagarrien arloko oso industria-sektore indartsua du, eta horren erakusgarri da Saitec. Gure herrialdea nazioarteko erreferentea da; parke eoliko bat diseinatu, fabrikatu, eraiki eta abian jartzeko gai gara, onshore izan, offshore izan edo flotagarria izan, gaur aztertzen ari garenaren modukoa. Berrikuntza eta garapen teknologikorako gaitasunaz ari gara, aurrean dugun etorkizuneko erronka handienetako bat, trantsizio energetikoa, aukera bihur dezakeena».
«Ziurgabetasuna gero eta handiagoa den egungo nazioarteko testuinguruan, argi dugu industria gehiagoren eta Europa gehiagoren aldeko apustua egingo dugula. Europar Batasunaren berrindustrializazio-prozesu horretan, Euskadik urrezko aukera du. Gure bikaintasun berritzaile eta teknologikoari esker, oso ekarpen handia egin diezaiokegu berrindustrializazio-prozesu horri, eta energia berriztagarriaren arloan, besteak beste, egin dezakegu».
«Euskadik energia berriztagarrien hedapenean jauzi kualitatiboa egiteko teknologia eta industria-potentziala ditu. 2024ko datuak eskuan, argi dugu herrialde gisa ezin dugula energiaren % 17 soilik lortu energia berriztagarrien bidez. Iritsi da potentzial hori etxean bertan aplikatzeko garaia, ausartak izateko eta energia berriztagarrien hedapena bizkortzeko garaia. Ildo horretan, itsasoko energia eoliko flotatzailea etorkizuneko apustua da».
«Euskal Autonomia Erkidegoko industria 2050erako deskarbonizatzeko konpromisoan aurrera egingo bada, argi dago zein den bidea: energia-efizientzia lantzea, energia berriztagarrien alde egitea, autosorkuntza areagotzea eta biltegiratzea bultzatzea. Bide horretan, energia eolikoa funtsezkoa da, eta itsasoko energia eoliko flotatzaileak zeresan handia izan dezake. Hori dela eta, gure apustua da industria gehiago, industria hobea eta emisio txikiagoa lortzea», eman du aditzera Jauregi sailburuak.