Datorren ostiralean, Donostian, egingo diren jardunaldi batzuetan, ikasleak eragile sozial bezala hartuko dira, gizarte- eta ingurumen-erronkei irtenbideak emateko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak elkarrekin antolatu dute «Jasangarritasunerako Topaketak- Jornadas para la Sostenibilidad» izeneko hogeita hamabigarren hitzordua. Datorren ostiralean, apirilaren 4an, izango da Donostiako EHUko Carlos Santamaría auditoriumean, 9:30etan. Jardunaldien gaia komunitateko hezkuntza-zerbitzua izango da, eta, zehazkiago, ikasleak gizarte-eragile gisa duten papera.
Hezkuntzak aurre egin beharreko erronketako bat herritarrak eraldaketak bultzatu ahal izateko heztea da. Jasangarritasunerako hezkuntzak berebiziko garrantzia du eta interesa sortu du azken urteotan gizartean. Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko Jasangarritasun Arloak antolatu du topaketa hau, hezkuntza eta gizarte-planteamendu horri erantzuteko.
Jardunaldiaren hasieran, Roser Batlle Zerbitzurako Ikaskuntzako Sarearen ordezkariak hitzaldi bat emango du, talentua ingurumen-konpromisorantz nola bideratu azaltzeko. Mariate Vizcarra, Ana Luisa López eta Haizea Galarraga unibertsitate-doktoreek hezkuntza-zerbitzuak errealitatea eraldatzen nola lagundu azalduko dute. Jardunaldia izango da, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Partaidetza eta Ekintza Komunitariorako Gida aurkezteko esparrua, eta, azkenik, jasangarritasunaren eta ingurumenaren eremuan ekintza eraldatzaileak garatu dituzten zenbait ikastetxeren jardunbide egoki batzuk erakutsiko ditu.
Jardunaldi horiek Euskadi 2030 Agenda Foroaren konpromisoarekin bat garatuko dira. Imanol Pradales lehendakariak sustatu duen eragile anitzeko espazio bat da Euskadi 2030 Foroa, demokrazia indartzeko eta garapen-eredu inklusibo, jasangarri eta berritzaile bat eraikitzeko. Hain zuzen ere, joan den astean, foro honen zortzigarren osoko bilkuran, Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren 2025-2028 Plana onartu zen. Plan hori ibilbide-orri giltzarria da, datozen urteetan ekintza publikoa bideratuko duena, gizarte-erronka handiei ikuspegi eraldatzaile eta parte-hartzaile batetik erantzuteko. Hain zuzen ere, ostiralean izango diren jardunaldi hauek indartu nahi duten ikasleen ahalduntzeak eta haien parte-hartzeak, konpromisoa sustatzea du gizarte eta ingurumen arloko erronkei konponbide partekatuak bilatzeko.
Aurreikuspenen arabera, 200 pertsona inguru bertaratuko dira jardunaldietara, eta beste 200 inguru telematikoki arituko dira. Parte-hartzaile gehienek Eskolako eta Tokiko Agenda 2030 programan parte hartzen dute eta, beraz, ikasleen hezkuntza ekosozialean inplikatutakoak dira.