Zarauzko Udalak Zuhaitzak Babestu eta Kudeatzeko Ordenantza berriari behin betiko onespena eman dio

Zarauzko Udalak, bere martxoko ohiko Udalbatzan, Zuhaitzak Babestu eta Kudeatzeko Ordenantza berriari behin betiko onespena eman dio. 2024ko azaroko bilkuran dokumentuak hasierako onespena jaso zuen eta, orain, Udal Gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen babesa izan du eta EH Bilduren abstentzioa.

Ordenantza honen helburu nagusia Zarauzko espazio publikoan dauden berdegune eta zuhaitzak zaindu eta kontserbatzea da. Hori lortu ahal izateko, ordenantza honek hainbat araubide jasotzen ditu eta 2023an onartutako Lorazantzako Plan Zuzentzaileak aurreratutako neurriak zehazten ditu.

“Bide luzea egin du ordenantza honek gaur hona iritsi arte eta jende askorekin elkarlanean osatu da gaur egungo dokumentua”, azaldu du Iban San Martin (EAJ-PNV) Lorezaintzaren zinegotzi arduradunak plenoan. “Lan handia dago ordenantza honen atzean, izandako fase guztietan, beraz, eskerrak eman nahi dizkiet prozesu osoan zehar parte hartu eta ordenantza osatzen lagundu duten, herritar, teknikari eta politikari guztiei”.

Zuhaitzak dira gure herriko ondare naturalaren altxorrik preziatuenetako bat eta, hori honela izanik, Udalaren betebeharra da ondo zaintzea eta ahal den gehienetan, kontserbatzea. Herriko arboladia garrantzia handiko elementua da gainera, gure herria osasuntsuagoa eta bizigarriagoa bihurtzen laguntzen diguna.

“Ordenantza honek herriko zuhaitzak babesteko eta zaintzen lagunduko digu eta Udal Gobernu honek gure ondare naturala zaindu eta sustatzeko konpromisoa argi eta garbi erakusten du”, gehitu du San Martinek.