Donostia, hiru atxilotu etxe batean lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu gaur, osteguna, goizaldean, Donostiako Altza auzoko etxebizitza batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Agenteek etxeko geletako batean makurtuta aurkitu dute balkoitik eskalatuz barrura sartu den akusatuetako bat.

Gaur osteguna, gauerdi inguruan gertatu da Gipuzkoako hiriburuan. Ordu horretan, herritarren segurtasunerako lanetan ari ziren patruila batzuei eskatu diete Altza auzora joateko, pertsona bat etxebizitza batean sartzen ikusi dutela eta.

Agenteak adierazitako lekura zihoazen bitartean, berriemaileak informazioa osatu du, eta adierazi du susmagarriak hiru gizon zirela, eta horietako bat balkoitik sartzen ari zela etxera eta beste biak kalean zeudela, etxebizitzaren kanpoaldea zaintzen eta kontrolatzen.

Lekura iritsi direnean, agenteek bi gizon ikusi dituzte ihes egiten, eta ertzainek atzeman eta identifikatu egin dituzte geldiarazteko agindua eman ondoren. Bi gizonak, 30 eta 22 urtekoak, patruiletako batekin geratu dira gertaera argitu bitartean.

Bien bitartean, beste bi agente etxeko balkoira igo dira, hiru metroko altuera eskalatuz, eta pertsiana behartuta eta leihoa irekita zegoela egiaztatu dute, eta hirugarren pertsona barruan egon zitekeela pentsatu dute, beraz.   

Etxean sartu eta polizia gisa identifikatu direnean, etxeko gela guztietan begiratzen hasi dira, eta barruan dena nahastuta zegoela eta altzari batzuetako tiraderak irekita zeudela ikusi dute. Azkenean, ertzainek geletako batean makurtuta aurkitu dute hirugarren gizona, 29 urtekoa.  

Datu guztiak erkatu ondoren, agenteek hiru gizonak atxilotu dituzte, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta, jarraian, ertzain-etxera eraman dituzte. Aldi berean, Ertzaintzak eginbideak ireki ditu bi atxiloturen aurka droga-trafikoko delitu bat egotzita.

Dagozkion eginbideak amaitzean, akusatuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.