Gizon bat atxilotu dute Leioan bi pisukideri mailu batekin eta olio irakinarekin erasotzeagatik

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten atzo Leioan, lesio-delitu bat egotzita. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, pisukide bati eraso egin zion obrako mailu batekin, eta beste bati olio irakina bota zion aurpegira.

Atzo, larunbata, goizeko bederatzi eta erdiak pasata, Leioako etxebizitza batean polizia egotea eskatu zuten, maizterren artean liskarra sortzen ari zelako.

Abisura bertaratu ziren ertzainek buruan, besaurrean eta saihetsetan lesioak zituen pertsona bat aurkitu zuten etxean. Zaurituak adierazi zuenez, etxearen jabeak eta pisukideak mailu batekin jo zuen, eta deskribatutako zauriak eragin zizkion.

Beste maizter bati ere eraso egin zion pisuko jabeak; kasu horretan, zartagin batetik irakiten zegoen olioa bota zion, eta erredurak eragin zizkion aurpegian eta lepoan.

Zaurituak ospitalera eraman zituzten, lehenengoa Urdulizko ospitalera eta erredurak zituena Gurutzetako ospitalera.

Erasoaren ustezko egilea bertan zegoen, eta atxilotu egin zuten, lesio-delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten.

62 urteko atxilotua epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.