Categorías: albisteak-berriak

Bizkaiko Foru Aldundiak 800.000 euro bideratuko ditu 2025ean industrialdeak hobetu eta modernizatzera

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza-programa baterako deialdia onartu du lurraldeko industrialdeak modernizatu, egokitu eta hobetzeko, eta 2025erako 800.000 euro jarri ditu. Ekimen horren esparrua Ekonomia Sustatzeko Sailaren estrategia da, Bizkaian garapen orekatuago eta kohesionatuago bat lortzeko estrategia, alegia, enpresa-ingurune lehiakorragoak, jasangarriagoak eta erakargarriagoak sustatuta.

Programa horrek bi jardun-ildo dauzka: alde batetik, industrialde berean dauden enpresen arteko asoziazionismoa sustatzea, kudeaketa bateratuan laguntzeko eta hobekuntza-plan integralak egiteko; bestetik, industrialdeetako azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzeko inbertsioei zuzeneko laguntza ematea, inguruneko jarduera ekonomikoaren eta jasangarritasunaren onerako.

Eskabideak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 6an amaituko da. Kudeaketa-planak egiteko laguntzak norgehiagokarik gabeko araubidean emango dira, eta hobekuntza-inbertsioetarako laguntzak, berriz, norgehiagoka-araubidean.

Deialdi honen azken helburua da lurralde osoko espazio produktiboen kalitatea hobetzea, eta arreta berezia jarri nahi du udalerri asko hartzen dituzten plan estrategikoak dauzkaten lehentasuneko esku-hartze eremutzat jotzen diren eskualdeetan (Enkarterri, Meatzaldea, Ezkerraldea, Aiaraldea, Busturialdea-Urdaibai eta Debabarrena), horrela, tokiko enpresen lehiakortasuna eta kalitateko enplegua sortzeko gaitasuna indartuko baitira.

Industrialdeak, garapen ekonomikorako estrategiaren giltza

Industrialdeak hobetzea funtsezkoa da Bizkaiko garapen ekonomikorako estrategian. Enpresagune horiek erronka berrietara egokitu behar dira, bertako enpresek berme osoz ekin diezaieten etorkizuneko proiektuei, bai eta beste inbertsio batzuk erakartzeko ere. Programaren edizio berri honen bidez, Bizkaiko industria-ekosistema indartzeko konpromisoa berresten du Aldundiak, eta apustua egiten du azpiegitura moderno eta iraunkorren alde, ekoizpen-sarea eraldatzeko eta berritzeko palanka izan daitezen.

2024an, guztira 17 enpresagunek hartu zituzten programa horretako laguntzak; hauek, hain zuzen: Abra Industrial enpresa-parkea (Ortuella eta Abanto Zierbena), San Martin industrialdea (Muskiz), Bakiola industrialdea (Arrankudiaga), Ugarte industrialdea (Trapagaran), Okamika industrialdea (Gizaburuaga), El Campillo industrialdea (Abanto Zierbena), Isasi industrialdea (Gordexola), Bildosola industrialdea (Artea eta Aranzazu), Granada industrialdea (Ortuella), Trapaga Causo industrialdea (Trapagaran), Landabaso industrialdea (Bermeo), Erletxe industrialdea (Galdakao), El Paramo industrialdea (Balmaseda), Kareaga industrialdea (Barakaldo), Lezama Legizamon poligonoa (Etxebarri) eta Basauriko Denac-Enpresa Zentroa.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Euskal Poliziak areagotu egingo ditu gidatzerakoan gertatzen diren distrakzioak zaintzeko kontrolak

• Zaintza apirilaren 21etik 27ra bitartean indartuko da, Aste Santuarekin bat etorriz • 2024an erregistratutako…

2 horas hace

Ertzaintza gizon baten heriotza ikertzen ari da Irunen

25_0273 Ertzaintza gizon baten heriotza ikertzen ari da Irunen Ertzaintza gizon baten heriotza ikertzen ari…

5 horas hace

Gasteizen bi gazteri egindako lapurretaren ustezko bi egileak atxilotu dituzte

Ertzaintzak 21 eta 22 urteko bi gizon atxilotu ditu, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta eta…

23 horas hace

Atxilotu bat eta lau ikertu Donostian borroka batean parte hartzeagatik

25_0271 Atxilotu bat eta lau ikertu Donostian borroka batean parte hartzeagatik Atxilotu bat eta lau…

1 día hace

Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean.

2025_Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean. Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean. Prentsa Zerbitzua 2025-04-18…

2 días hace

Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion

25_0269 Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion Prentsa Zerbitzua…

2 días hace