Irungo erromatar iragana, inoiz baino biziago

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Oiassoko terma erromatarrak inauguratu ditu, Cristina Laborda Irungo alkatearekin, Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkariarekin eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin batera. Hori dela eta, Irungo Udalak kanpaina bat abiarazi du «Paseo bat gure historian barrena» izenburupean, hiria apainduta ondare arloko gertaera garrantzitsu hori ospatzeko.

Bere hitzaldian, Hurtado sailburuak bi gauza nabarmendu ditu, proiektuak Euskadiko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren barruan duen garrantzia eta lurraldean turismoa eraldatzeko motor gisa duen inpaktua: “Europako funtsekin finantzatutako proiektu hau hasieratik jarraitu ahal izan dut, eta hunkitu egiten nau lanean urteak eman ondoren nola gauzatu den ikusteak. Ondare arkeologikoak turismo jasangarriagoa, lehiakorragoa eta gure historia eta kultura hedatzearekin konprometituagoa bultza dezakeela erakusten duen adibide argia da”. Bestalde, Cristina Laborda alkateak ondare-berreskuratze horrek ematen duen balio erantsia ere azpimarratu du: «Oiassoko terma erromatarrak paregabeko harribitxi arkeologikoa dira; Irun erreferentziazko helmuga kultural gisa indartzen dute eta bertakoentzako nahiz bisitarientzako turismo-eskaintza aberasten dute».

Proiektuak 3.500.000 euroko aurrekontua izan du guztira, eta horietatik 2.000.000 euro Next Generation EU funtsetatik etorri dira, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Inbertsio horri esker, termak errekuperatzeaz gain, museoa handitu ahal izan da, lehengoarekin lotutako eraikin berri baten bidez. Eraikin horrek pasabide garai bat eta behaketa-plataforma berriak ditu, aztarna arkeologikoak ikusteko; baita beirate handiak ere, aurriak eraikinetik harago nola hedatzen diren ikusteko.

Jarduketa horiei museoaren digitalizazioaren, irisgarritasunaren, seinaleen eta komunikazioaren aldeko apustu irmoa gehitu behar zaie. Apustu hori Irun helmuga turistiko adimendun bihurtzeko helburuarekin bat dator. Turismo Sailaren zutabe estrategikoetako bat da helburu hori, sailburuak azpimarratu duenez: “Euskadiko adimen turistikoa indartzeko konpromisoa dugu, helmuga modernoagoen, konektatuagoen eta irisgarriagoen sare bat sustatuta, eta Oiasso erreferentzia da orain bide horretan”.

Inaugurazioarekin batera, Irungo Udalak «Paseo bat gure historian barrena» kanpaina bultzatu du. Banderatxoz apaindutako farolek, CBAren barandako irudi historikoek eta Irunbusen markesinetako kartelek hiriaren ondare erromatarra berriz deskubritzera gonbidatzen gaituzte, hala nola, termen, Santa Elena baselizaren edo Irugurutzeta inguruaren bidez.

Inaugurazio-ekitaldiaz gain, apirilaren 12an eta 13an, larunbata eta igandea, terma erromatarren doako bisita gidatuak eskainiko zaizkie Oiasso Museora hurbiltzen diren guztiei. Museora eta termetara sartzea doakoa izango da, baina txartel bat eskuratu beharko da museoaren webgunearen bidez.

«Inaugurazio hau Aste Santuaren atarian egiten ari gara eta hainbat jarduerarekin batera. Beraz, aukera bikaina da Irungo ondarea aintzat hartzeko eta Euskadin eta Euskaditik kanpo proiektatzeko», esan du sailburuak amaitzeko, eta eskerrak eman dizkio Irungo Udalari etengabeko lankidetzagatik, eta herritarrak esperientzia berdingabe honetaz gozatzera animatu ditu.