Categorías: albisteak-berriak

Zarauzko Udalak Aste Santurako irteera gidatuak antolatu ditu Eraztun Berde Urdinera

Zarauzko Udalak Aste Santurako irteera gidatuak antolatu ditu Eraztun Berde Urdinera, ingurune natural honen balioa ezagutarazteko. Bisita gidatuak 3 ibilbidetan egingo dira: Hezeguneetakoa Arkamurkakoa, eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldean eskainiko dira, txandaka, eta Iñurritzakoa Pazko asteko larunbat goizean eskainiko da, itsasbeherarekin bat eginda.

“2018an hasi ginen irteera gidatu hauekin, eta esan dezaket programa urteetan zehar sendotu dela eta proiektua bera indartu dela. Zarauzko herritarrek naturarekiko duten interesa eta natura zaintzeko duten kezka nabarmendu nahi dut”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduradunak. “Horiek dira, hain zuzen ere, gure helburuak irteera gidatu hauek antolatzean: Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistema desberdinak ezagutaraztea eta herritarrak ingurumen-balio horien inguruan sentsibilizatzea. Zarauztarrak animatzen ditugu parte hartzera”.

Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, horretarako, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean, aldi berean. Zarauzko Udaleko Ingurumeneko Arloak Eraztun Berde Urdineko irteera gidatuak antolatu ditu Aste Santuari begira. Irteera hauek herritarrei udan eta Aste Santuan eskaintzen zaizkie, baita ikastetxeei ere ikasturtean zehar, Eraztun Berde Urdinaren balio naturalak ezagutarazteko.

Apirilaren 18an izango da lehen irteera gidatua Hezeguneen ibilbidean, eta arratsaldeko 17:00tan abiatuko da suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokiaren ondotik, Irita eta Astiko hezeguneak bisitatzeko. Irteera Buztinzuriko haltzadian amaituko da.
Hurrengo astean berriz, apirilaren 25ean eta 26an, hurrenez hurren, Arkamurka ibilbidean eta Iñurritza ibilbidean egingo dira irteera gidatuak.

Irteera gidatuetan naturgune horien ezaugarriak erakutsiko dira, hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima-aldaketan duten eragina, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze-lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab.

Azken urteetan hainbat hobekuntza egin dira Eraztun Berde Urdineko bi espazio irisgarriak izateko, hain zuzen ere, Vista Alegreko parkea eta Iñurritzako ibilbidea. Azken hau gurpildun aulkian egiteko egokituta dago. Gainera, app irisgarri bat ahalbidetu da, interes puntuetan dauden paneletako informazioa jende gehiagorengana iristeko, zeinu hizkuntzan, eta 6 hizkuntzatan jaso daiteke informazioa.

Irteera gidatuak izaera parte hartzailea dute, hau da, bisitariak azalpenak entzuteaz gain hainbat esperimentu egitekoa aukera izango dute, familientzat egokiak direnak. Talde bakoitzeko gehiengoa 20 pertsonakoa izango da. Edukiera mugatua izango denez, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan. Irteera bakoitzean, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio espezifikoa eskainiko da.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Atxilotu bat eta lau ikertu Donostian borroka batean parte hartzeagatik

25_0271 Atxilotu bat eta lau ikertu Donostian borroka batean parte hartzeagatik Atxilotu bat eta lau…

14 mins hace

Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean.

2025_Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean. Bi mendizale erreskatatu dituzte Palomareseko gailurrean. Prentsa Zerbitzua 2025-04-18…

12 horas hace

Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion

25_0269 Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion Mendizale baten gorpua aurkitu dute Laudion Prentsa Zerbitzua…

15 horas hace

Gizon bat atxilotu dute aldamio batzuetatik eskalatu eta Bilboko etxebizitza batean sartzen saiatzeagatik

25_0268 Gizon bat atxilotu dute aldamio batzuetatik eskalatu eta Bilboko etxebizitza batean sartzen saiatzeagatik Gizon…

21 horas hace

Ertzaintzak sei pertsona atxilotu ditu Athletic Cluben eta Rangersen arteko futbol partidaren amaieran Bilbon izandako istiluetan

Ertzaintzako agenteek sei pertsona atxilotu dituzte, bost gizon eta emakume bat, bart, osteguna, San Mames…

1 día hace

Bi urteko ume bat hil da Bilbon, lehiotik erorita

25_0266 Bi urteko ume bat hil da Bilbon, lehiotik erorita Bi urteko ume bat hil…

2 días hace