Zarauzko Eraztun Berde Urdina eskuragarriagoa da orain, sortu berri den aplikazioari eta ibilbideetan egiten ari diren beste egokitzapenei esker, dibertsitate funtzionalen bat (fisikoa zein kognitiboa) duten pertsona guztiek gozatu ahal izan dezaten.
Gloria Vazquez (PSE-EE) Eraztun Berde Urdinaren zinegotzi arduradunak adierazi duenez, «baliabide natural baliotsu hori bereizketarik egin gabe pertsona guztiei eskaini nahi diegu, eta horregatik jarri ginen harremanetan Begisare bezalako elkarteekin, gure Eraztun Berde Urdina ikusmen-urritasuna, entzumen-urritasuna, urritasun kognitiboa edo urritasun fisikoa duten pertsonentzat eskuragarri izateko eman beharreko pausoei buruzko orientazioa jasotzeko».
Prozesu horren hasieran, Vista Alegre ibilbidea egin zen Begisare Elkarteko Zuriñe de Anzolarekin eta ikusmen-desgaitasuna duten hainbat pertsonarekin, beren ekarpenak jasotzeko, eta Juncal Cepeda desgaitasuna duten pertsonen eskubideen inguruko aktibista eta sentsibilizatzailearekin batera lan egin da, gurpil-aulkietan sartzeko zailtasunei buruz orientatzeko. «Eskerrak eman nahi dizkizuegu laguntzeko prestutasun bikainagatik, bereziki Zuriñe eta Juncali, haien laguntza funtsezkoa izan baita», gehitu du zinegotziak.
Hasierako diagnostiko horretatik abiatuta, hainbat jarduera egin dira. Lehenengo fasean, Eraztun Berde Urdinaren eskuorriak sortu ziren braillez, zailtasun kognitiboak dituzten pertsonentzako hizkuntza erabilerrazean, eta ukipen-mapa bat erliebe altuan. Dokumentu horiek guztiak Turismo Bulegoan daude eskuragarri.
Lehen fase horren ondoren, informazio-panelak altueraz jaitsi dira gurpil-aulkian dauden pertsonentzat, bai eta biotopoko hegazti-behatokiak ere. Baina ibilbide horietan irisgarritasun unibertsala gehien bermatuko duena Eraztun Berde Urdineko bi gune interesgarrienetarako (Vista Alegreko parkea eta Iñurritzako biotopoa) sortutako app-a da.
App honek, Android zein IOSentzat eskuragarri dagoena, espazio hauetako altxor naturalei buruzko informazio atsegina eta irisgarria eskuratzeko aukera emango du edonorentzat, hainbat modutan, audioak, zeinu-hizkuntza eta euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko testuak baititu.
Gainera, mapa bat du, non interesgune guztiak geolokalizatuta dauden, baina baita bankuak, iturriak, eskailerak, aparkaleku irisgarriak, komun publikoak edo garraio publikoko geltokiak ere. Geolokalizazio-sistema horri esker, aplikazioak erabiltzailea bere kokapenetik ibilbideetara eta informazio-puntu eta -paneletatik gidatzen du. Panel bakoitzak QR bat du, zeinu-hizkuntzan audioa entzun, irakurri edo bideoa ikusi ahal izateko aplikaziora zuzentzen duena.
App-aren atal interesgarri bat «Zentzumenen ibilbidea» da, bai Vista Alegren, bai Iñurritzan, naturaren soinuez, usainez, kortxozko enborren ukimenaz edo fruitu batzuen zaporeaz gozatzeko gidatzen gaituena.
Vazquezek adierazi duenez, «oso pozik gaude gure Eraztun Berde Urdinaren irisgarritasun unibertsala lortzeko egin dugun aurrerapenagatik, pertsona guztiek Zarautzek eskaintzen dituen altxor naturalez gozatzeko aukera izan dezaten, eta zarauztar guztiak animatzen ditugu mugikorretan deskarga dezaten, dituen informazioak guztiontzat baitira baliagarriak eta interesgarriak”.
Aurrerantzean ere, jarduera gehiago egingo dira ibilbideko puntuen irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko, hala nola irristagaitza den materiala jartzea eskaileretan, ikusmen urriko pertsonentzako gidak lurrean edo barandak gehitzea puntu gehiagotan, besteak beste. Etorkizun hurbilean, erronka nagusietako bat da gurpildun aulkientzat irisgarri bihurtzea Torreoira bitarteko azken zatia.